Reyes Prados: "Euskara zaila bezain zoragarria den hizkuntza da"

Imanol Gallego 2015ko ots. 12a, 19:27

Sevillan jaio arren, zortzi urte daramatza Reyes Pradosek gure artean. Aurreiritziak alde batera utzi, eta duela urte eta erdi ekin zion euskara ikasteari. "Zeharo desberdina" den hizkuntza bat dela onartu arren, gustuko duela dio. Hilabete hauetan asko aurreratu du, eta horretarako sekretua gogoan dagoela dio kazetariak. Oñatiko Udal euskaltegira gerturatu da sevillarra euskararekin egin duen ibilbideaz hitz egitera.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako poziktibity kanpainak erakutsi zuen Reyes Padros kazetariak hilabete gutxitan lortutako maila. "Gogoa, denbora eta lana dira nire euskara mailaren atzean dauden sekretuak" dio kazetariak. Onartzen du kosta zaiola pausoa ematea, baina orain gustura dagoela dio.

Prados Getxon bizi da, eta oso ingurune euskalduna ez izan arren "euskarak kultura eta pertsona berriak ezagutzeko parada" eman dio. Horrez gain, hemengo kulturan sakontzeko ere balio izan diola azaldu du.

"Euskara hizkuntza zaila baino, desberdina dela esango nuke, aldi berean, baina, hizkuntza zoragarria dela uste dut", esan du sevillakoak. Hala ere, euskararen inguruan apurtu beharreko "aurreiritzi eta estereotipo asko" dagoela uste du.

Hori guztia atzean utzi eta euskararantz pausoa eman dutenen aurrean berak hartutako ibilbidea azaltzera gerturatu da Oñatira. Euskaltegiko ikasle eta berbalagunen aurrean bere historia kontatu du eta hauek galderak egiteko aukera izan dute. Hitzaldia musika kontzertu txiki batekin amaitu da.

De Boca en boca edo Euskadi directo bezalako telebista saioak aurkeztu eta gero, egun, jasotzen dituen lan eskaintza asko euskarazkoak direla dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak