Oñatiko Gure Esku Dago ekimenak urtean zehar egingo dituen ekintzak aurkeztu ditu. Aurtengo ekintza nagusia ekainaren 20an izango da hiriburuetan, baina aurretik herriz herri lan egin beharko da.
Herriz herri lanean
Erabakia Ehuntzen izeneko ekimenak herriz herri oihalak erabiliko ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak batzeko. Oihal unitate bakoitzean 20 lagun atxikituko dira –euro bat jarri eta saretze txartela beteta–, eta unitate horiek elkarri josiko dizkiote gero, apirilaren 25ean Oñatin –beste herrietan bezala–, eta ekainaren 20an hiriburuetan, hautestontzi erraldoia sortuko da.
Herrietan hogei lagunen atxikimendua bilduko duten oihal unitate bakoitzaren ardura izango duten tutoreak izendatuko dituzte, gainera.
Tutorearen lana izango da lortzea 20 pertsona, 20 atxikimendu. Hori tela pusketa baten irudikatuko da. Atzo egin zuten aurkezpenean, esaterako, 20 lagunek ehundu zuten Oñatiko lehen oihal zatia. Bertan, bakoitzak nahi zuena idatzi edo marrazteko aukera izan zuen.
Aurtengoa, aurrerapausu bat gehiago dela azaldu du Oñatiko Gure Esku Dago ekimeneko Lierni Olmedok eta iazko arrakasta edo gehiago edukitzea espero dutela adierazi du.
Lokala Kale Barrian
Aurten gainera, Gure Esku Dagok herrian bertan lokal bat izango du Kale Barria 45 zenbakian, garai batean Txuntxurunberde denda izan zen tokian. Eta bertan egongo da aukera atxikimenduak egiteko eta oihalak lortzeko.
Dokumentala, astelehenean ikusgai
Hurrengo astelehenean, bestalde, hilaren 16an, Jostunak dokumentalaren emanaldia eskainiko dute Santa Ana aretoan arratsaldeko 19:00etan. Bertan iazko ekintzen laburpena jasoko da.