Zapatu goizean egin zuen Oñatiko EH Bilduk bigarren hauteskunde tailerra gaztelekuan. Askotariko adinetako hamarnaka herritarrek azken hilabetetan zortzi arlotan (ongizatea, lurralde antolamendua, politika feminista, hezkuntza, sozioekonomia, gazteria, kirola eta kultura) landutako proposamenak eztabaidatu zituzten eta ekarpenak egin.
Tailerraren amaieran, Mikel Biain Berraondo aukeratu zuten EH Bilduren zerrendaburu izateko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Ondoren, kontzejupean eginiko ekitaldian aurkeztu zuten Biain alkategai modura. Bertan Biainek eskertu egin zuen konfiantza berarengan berretsi izana: "Oso pozik eta harro nago hautagaitza berrestearekin eta erronkari heltzeko prest". Bestalde, eskerrak eman zizkien herri programaren lanketan parte partu duten guztiei, orain lan taldean dituenei eta familiari.
Bianek gaineratu zuen harro dagoela EH Bilduren proiektu politikoaz bat egiten duelako; izan ere, horrek gizarte arloko hainbat esparrutan eragiteko erabakiak hartu daitezkeelako. Horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia "adibide ona" dela esan zuen. Bada, zapatuko ekitaldian izan zen Larraitz Ugarte, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua.
Bestalde, ekitaldian hitza hartu zuen baita Arantzazu Ibarrondok, Udaleko langileak. Esan zuen Biain pertsona "dotorea" dela aspektu guztietan: "langilea, arduratsua, irekia, entzuten dakiena...".
Proiektuaren garrantzia
Hautagaiek garrantzia izanagatik, proiektua bera dela garrantzitsua esan zuen Biainek: "2010ean hasita oso dinamika sendoa sortu da herrian: sektoreka taldeak egin dira, ekarpenak jaso dira... Horri gehitu behar zaio orain udaletxeko jarduna ezagutzen dugula eta gobernu arduratan egon garela. Horrek beste indar bat ematen digu". Biainek honakoa ere nabarmendu zuen: "Hasieratik argi izan dugu ez garela udaletxean sartu lehengo kudeaketari jarraipena emateko; gauzak aldatzeko asmoz baizik". Hein batean, lortu duten arren, bide horretan hobetzeko dutela ere esan zuen: "Ikasi ere, aitortu behar dut asko ikasi dugula eta izan ziur ikasgai horiek baliatuko ditugula etorkizunean gure jarduna hobetzeko".
Martxo amaiera aldera emango dute ezagutzera euren programa. Ordura arte herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute. Izan ere, herriko hainbat tokitan postontziak jarriko dituzte proposamenak jasotzeko eta Oñatiko EH Bilduren webgunean ere egin ahal izango dira.Horrez gain, herriko eragile ezberdinekin aldebiko bilerak egingo dira programaren zirriborroa aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko.
Bestalde, Bianek datozen lau urteotan izango duen lan taldea ez dago zehaztuta oraindik eta prozesu hori ere irekia izango da. Hala, hainbat bide jarriko dituzte herritarrek euren ekarpenak egiteko.
Informazio gehiago EH Bilduk Goienan duen Komunitatea atalean.