Altxorraren Uhartea musikalarekin XVIII. Mendera bidaiatuko du ikusleak. Benta zaharrak, sekretuak gordetzen dituen marinela, piratak, gaizkileak, altxorra... Bidaia zirraragraria proposatzen du 1883an Robert Louis Stevensonek argitaratu zuen La Isla del Tesoro nobelan oinarritutako musikalak.
Ikuskizunean 38 lagunek hartuko dute parte, horietatik 36 dira gaztetxoak eta bi helduak. Horiek egiten dute abeslari, dantzari eta aktore lana. Bestetik, eszenatokiak, dekoratuak eta abar egiten ibili dira neska-mutikoen gurasoak. Guztira 50 lagun ari dira ikuskizuna prestatzen.
Zapatuan, Piraten txanda
Ez da, baina, urtarrilaren 17ra arte itxaron beharko Altxorraren Uhartearen nondik norakoak ikusteko. Hain zuzen ere, abenduaren 20an, zapatuan, musikalaren aurrerapen bat egingo du Ganbara Txikik herriko plazan. Ez hori bakarrik, Txanda elkartearekin batera, Piraten Txanda jolasa ere egingo baita zapatuan 11:30etik aurrera.
Hirugarren mailatik hasi eta DBH1era bitarteko ikasleek hartuko dute parte Altxorraren bila jolasean. Dagoeneko 40 bat taldek eman dute izena. Guztira 200 neska-mutikok.