Behin lursailak zozkatuta, eguenean egingo dute bilera aisialdirako ortuen erabiltzaileekin

Txomin Madina Milikua 2014ko abe. 15a, 19:39

Gaur eguerdian egin dute Oñatin San Martin auzoko aisialdirako ortuen lursailen zozketa. 74 lursailetarako 66 herritarrek egin dute eskaria, eta zozketan bakoitzarentzat zein zati izango den erabaki dute. Eguenean, 18:30ean, bilera egingo dute Kultur Etxean lursailen erabiltzaile izango direnekin. Zozketaren emaitza, HEMEN.

Udaleko osoko bilkuren aretoan egin dute gaur eguerdian aisialdirako ortuen zozketa. Ekimena martxan jarri zenean 150 eskari jaso ziren arren, azkenean 66 herritar izan dira 74 lursailetarako zozketan sartu direnak. "Hasiera baten izena ematea erraza ikusten da, baina gero, behin baratza  eta horrek dakarren lana ikusita, batzuk atzera bota dira. Baina balorazioa ona: aurreikusitako ia lursail guztiak bete dira, eta uste dugu aurrera jarraitu dutenek gogoz hartuko dituztela", azaldu du zozketaren ostean Aitor Gerenabarrenak, Oñatiko udaleko Nekazaritza eta Ingurumen teknikariak. Hala, gaur zozketatu dena izan da herritar bakoitzaren lursaila zein izango den. Zozketaren emaitza, HEMEN.

Gerenabarrenak azaldutakoaren arabera, libre geratzen diren lursailak, Udalaren esku geratuko dira: "Araudian jasotzen zen lursailen %10 Udalarentzat izateko aukera, eta azkenean, nahi barik, hori gertatu da. Erabiketzeke dago lursail horiekin zer egin: kolektibo bereziendako izan daitezke, eskolekin erabiltzeko...".

Eguenean, bilera

Behin lursailak zozkatuta,  erabiltzaile izango direnekin harremanetan jarri eta eguen honetan bertan bilera egingo dute. "Udalaren plangintza azalduko dugu, eta azalduko ditugu baita ere elkartea sortzeko eman beharreko urratsak eta dauden estatutu motak", iragarri du Gerenabarrenak. 18:30ean izango da bilera, Kultur Etxean.

Formakuntza saioak ere egingo dituzte: "Seguruenik urtarrilean izango dira. Lehenengo, saio teoriko batzuk egingo ditugu eta udaberrira begira, baratza lantzen hastearekin batera, saio praktikoa egingo dugu. Hori izango da irteteko pistola-tiroa", dio Nekazaritza eta Ingurumen teknikariak.

Egokitze lanak, bukatzeke

Oraindik ere ez dituzte amaitu aisialdirako ortuen eremuan egin beharreko lan guztiak. Txabolak, esaterako, urte amaierarako bukatuta egotea aurreikusten dute: "Muntatuta daude. Gertatzen dena da txabola denak teilatupe berean egongo direla, eta  teilatua oraindik ere  bukatzeke dago".

Bestelako lan batzuk ere geratzen dira eremua guztiz bukatzeko, baina horiek 2015ean egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak