Urteroko harrera egin diete elgetarrek Hondarribiko arraunlariei

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abe. 15a, 16:41

Duela bederatzi urte etorri ziren lehenengoz Hondarribiko Arraun Elkarteko arraunlariak Elgetara bertakoek gonbidatuta. Pozik etortzen direla diote, "jarraitzaile onak direlako batetik, eta Elgetan egun ederra" pasatzen dutelako bestetik. [ARGAZKIAK]

Ordubatean iritsi da arraunlariak ekarri dituen autobusa Elgetara. Ordurako, hamarretakoa prest zuen Elgetako lagunarteak Intxorta elkartean. Besarkada eta muxu askoren ostean, elkarrekin hartu dute salda eta jan dute txistorra eta sahieskia elkarte horretan.

Horixe izaten da gaurko egunaren lehen ekitaldia. Ondoren, udal pilotalekura joan dira, pilotan jokatzea. Bazkaria Intxorta elkartean bertan ziren egitekoak eta arratsalderako mus partidak zituzten antolatuta.

Harreman ona

"Duela bederatzi urte inguru hasi zen kontua. Elgetako lagun batek esan zien Kontxako bandera irabaziz gero Elgetara gonbidatuko zituela berak. Eta irabazi egin zuten", dio Agustin Baretxinagak, Elgetako lagunarteko kideak. 2005 urtean gertatu zen hori. Arrrez gero, gertutik jarraitzen dute talde hau elgetarrek. "Kostara joaten gara eta bertatik animatzen ditugu. Santander inguruan lehiatzen direnean ere, esaterako, egun pasa joan ohi izan gara hara", jarraitu du Beretxinagak.

Hondarribiko arraunlariak ere pozik daude Elgetan dituzten jarraitzaileekin. "Oso jarraitzaile finak dira, bai. Egun ederra antolatzen digute, gainera, hemen", adierazi du Asier Puertas arraunlariak. Elgetara etorri aurretik entrenatzen izan dira. "Azken denboraldia ederra izan da. Gipuzkoako liga irabazi genuen eta bigarrenak sailkatu ginen Kontxako banderan. Oso pozik gaude. Orain, baina, entrenatzen jarraitu behar hurrengo denboraldirako", dio Puertasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak