130 lagun horietatik 35 izango dira abesbatzako kideak; 30 Ganbara Txikiko abeslariak; 30 Bergarako Orfeoiko eta Goikobaluko kideak eta 20 Ganbara Abesbatzako kide ohiak. Gainera, bederatzi pertsonak osatutako orkestratxoa izango dute lagun eta baita hiru bakarlari ere.
Obra sinfonikoa, lehenengoz
Oñatiko Ganbara Abesbatzarendako, proiektu ez ohikoa da Carmina Buranaren eszenaratzea. Izan ere, lehenengoz aurkeztuko du programa sinfoniko bat, cappellan abestera ohituta dagoen Ganbara Abesbatzak. Kideek, ilusioz heldu diote proiektuari eta orain arte landu ez duten genero musikalaren prestaketak, 4 hilabeteko lan gogor eta aberasgarria utzi ditu atzean.
Nazien obra kuttuna
Carmina Burana, Carl Orff musikari alemaniarrak konposatu zuen 1936. Urte inguruan. Neoklasizismo musikalaren korrontean aritu zen Carl Orff eta 1931 eta 1945 urte bitarteko Alemania nazian bizi eta ospea lortu zuen musikarietako bat da. Carmina Burana Adolf Hitler eta haren jarraitzaileen artean obra ospetsu bilakatu zen. Gaur egun ere, alderdi ilun hori alde batera, Kantata interpretatuenetariko bat da mundu guztian, Beethovenen edo Mahlerren sinfonia handiekin, Haendelen Mesias obrarekin eta beharbada Johann Sebastian Bachen Pasioak obrarekin batera.
Maitasuna, jokoa eta edaria goraipatuz
Goi alemanieraz, frantsesez, probentzeraz eta latinez idatzita dago Kantata eta XI. Eta XII. Mendeko testu batzuetan oinarrituta dago. Testuak erabat profanoak dira; zerbait ezohikoa, elizaren nagusitasuna erabatekoa zen garaian. Maitasun kantak, jokoa eta edaria goresten dituzte testuetan eta garaiko botereari –elizari– burla egiten dioten kantu satirikoak dira. Munich inguruan dagoen Beneditarren Beuern izeneko monasterioan aurkitu ziren idatziak XIX. mendearen hasieran, monasterioa sekularizatu zenean. Egun, Munichen daude gordeta.
Entsegu orokorra irekia izateko aukera
Sarrerak 12 eurotan daude salgai Txokolateixan eta ganbara.sarrerak@gmail.com helbidera idatzita ere eskuratu ahalko dira.
Abenduaren 28ko emanaldirako sarrerak agortzen badira, Oñatiko Ganbara Abesbatzak aurreko egunean kiroldegian bertan egingo duen entsegu orokorrerako sarrerak salduko ditu. Hori, baina, esandako moduan, ikuskizunerako sarrerak agortzen badira izango da.