22:00ak arte, deskontuak, opariak eta sorpresak izango dira Oñatiko dendetan

Maialen Torres 2014ko aza. 28a, 14:33

Mundu osoan zehar Black Friday eguna ospatzen den honetan, oñatiarrek ekimena moldatu, eta herriko dendetara ekarri dute, Egubakoitz Beltza izenarekin.

Txanda dendarien elkarteak antolatuta, Egubakoitz Beltza da gaur Oñatiko dendetan. Gabonei hasiera emateko asmoz, gaueko hamarrak arte zabalik izango dituzte dendak, baina hainbat ekintza berezi ere izango dira egitasmoa girotzeko. Edonola ere, ez da mundu osoan zehar ospatuko den Black Friday egunarekin nahastu behar, ekimena egokitu egin baitute Oñatira ekartzeko.  "Mundu mailan egiten diren deskontu handiak egitera ezin gara iritsi herri mailan, denda txikiak garelako", dio D'Or estetikako Dorleta Fernandezek. Hori dela eta, denda bakoitzak "ahal duena" egin du.

Gaur arte, sekretupean gorde dute denda bakoitzak zer egin behar zuen, aurreko egunetako kontsumoan ahalik eta eragin gutxien izan zezan. Dena den, dagoeneko martxan da eta batzuek deskontuak dituzte hainbat produktutan, beste batzuek, berriz, opariak emango dizkiete bezeroei, eta zenbaitek pintxoak ere jarri dituzte. Beraz, egun ezin hobea da gaur Oñatiko dendetara gerturatzeko.

Gaurkoa, ordea, Txandak urtean zehar egiten dituen ekintzetan beste bat baino ez da. Izan ere, euren helburua da "jendea ohartzea herrian dendak badirela, eta herria bizirik egoteko dendak beharrezkoak direla", eta hori lortzeko hainbat ekintza egiten dituzte urtean zehar.

Iluntzea girotzeko, Kale Barrian musika izango da zuzenean, Juanitosa eta Mendizabal denden inguruan. Horrez gain, Lekeitioko Deabru Beltzak taldeak piroteknia ikuskizuna eskainiko du, 19:30ean hasita. Ikuskizun horri dagokionez, antolakuntzak janzkera egokia eramatea gomendatu die ikustera joateko asmoa dutenei, eta arropa piroteknia egongo dela kontuan hartuz aukeratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak