Biainek berak ere agertu du prestutasuna EH Bilduren proiektua gidatzen jarraitzeko, baina, Lizarralderen arabera, horretarako beharrik egotea aurreikusten ez bada ere, koalizioak barne prozesu bat irekiko luke alkategai izateko asmoarekin beste lagunen bat agertuko balitz. Urtarrilaren 17an izendatuko dute alkategaia.
Hain justu ere, egun horretan emango dute bukatutzat EH Bilduk udal hauteskundeetara begira egiten diharduen prozesuaren bigarren fasea, martxan jarri berria dutena.
Lau fase denera
Aurreneko fasean 30 lagun inguruk hartu dute parte. Irailean hasita, oinarri ideologikoak zehazten ibili dira, lantaldeetan banatuta. Programaren lanketarekin hasteko, honako lantaldeak sortu zituzten: sozioekonomia, gizarte politika, lurralde antolaketa, aniztasuna, kirola, hizkuntza, hezkuntza, kultura, politika feminista eta gazte politika, horietako zenbait azpi-lantaldeekin.
Orain, bigarren fasearen barruan, zapatuan, hilak 15, lehenengo hauteskunde tailerra egingo dute; tailerra irekia izango da. Lantaldeetan batu eta orain arteko lanketaren balantzea egingo dute. Honez gain, definituta dauden zenbait plan eta azterketa aurkeztuko dituzte, ideia ekaitza egin eta parte-hartzaileen proposamenak jaso. Gero, urtarrilaren 17ko bigarren tailerrera bitarteko denbora izango du lantalde bakoitzak bere alorraren lanketa egiteko. Tarte horretan, edozein herritarrek nahi badu ekarpenen bat egin onati@ehbildu.net helbidea jarri dute eskura. Eta bulegoa zabaltzeko asmoa ere badute, lan bilerak egiteko eta herritarren proposamenak bertan ere jasotzeko.
Bigarren hauteskunde tailerrean, urtarrilekoan, lantalde bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du, eta garrantziaren arabera sailkatuko dituzte guztiak. Proposamenak bozkatu eta hautatuko dituzte hirugarren fasean, eragileekin kontrastatuta programa burutuz, eta hauteskundeetarako zerrenda osatu ere egingo dute. Zerrenda eta programa jendarteratzea izango da laugarren faseko lana.
EH Bilduko kideek egubakoitzeko agerraldian adieraz zuten "burujabetzan eta eraldaketa sozialean sakontzeko" eta EH Bildu indartzeko aukera direla hauteskundeok, aurrekoak irabazita hasitako bideari jarraitzeko: "Sinesgarriak garela frogatu dugu; oposizioak iragarri zituen pronostiko txarrak ez dira gauzatu", zioen Lizarraldek, hauteskunde berriak "errebalida" izango direla gaineratuz.