Ordenantza fiskal gehienek ez dute aldaketarik izango

OIhana Elortza 2014ko urr. 31a, 15:43

Datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituen udalbatzak atzo egindako urriko ohiko osoko bilkuran. Udal tasak mantentzea izan zen Bilduren irizpidea, salbuespenak salbu. EAJk kontrako botoa eman zuen.

Bi arrazoi aipatu zituen Lourdes Idoiaga jeltzaleak bere alderdiaren kontrako botoa azaltzeko: "Bilduk aldaketa txiki batzuk sartu ditu departamendu batzuetan eta horietan ados gaude. Zaborraren tasa izoztea, baina, ez gatoz ados. Kasualitatez Mankomunitateak oraindik ez du adierazi ze igoera proposatzen duen zabor tasan, baina aurrekoen antzekoa izango dela uste dugu. Hori aplikatzen ez bada, ia 200.000 euro hari gara pilatzen urteko eta horrek Udalaren poltsari kalte egiten diola uste dugu. Bestalde, inor erroldatuta ez dagoen etxeetan %100a aplikatzen zaie IBIaren errekargua baina hor badira bizitzeko moduan ez dauden etxebizitzak ere. Etxebizitza horiek errekargu horretatik salbuesteko, guk proposatu dugu eraikinaren balio katastrala kontuan izatea. Bilduk, baina ez du ondo ikusi. Ikuskaritzaren formula proposatu ziguten, baina goizean esan digute ez dutela onartzen subjektiboa izan daitekeelako".

Bildurentzat, baina, balore katastralak ez du adierazten etxebizitza hori bizigarria den edo ez. "Aldagai ezberdinak daude: lurzoruaren balorea, adibidez. Bestalde, ikuskaritzaren formula ere baztertu dugu ez delako erraza erabakitzea etxebizitza bat bizigarria den edo ez, agian obra txiki bat eginda bizigarri izan daitekeelako. Helburuarekin bat gatoz EAJ eta Bildu, baina teknikoki ez dugu posible ikusten", adierazi zuen Mikel Biain alkateak osokoa bukatu ostean. Zaborraren tasa izoztearen inguruan, hauxe azaldu zuen Biainek: "Hondakinak batzeko sistema berria jarri dago eta momentu honetan zaborrarena defizitarioa da, kiroldegikoa den bezala, adibidez. Ordenantza fiskaletan ikusten da ere zeri garrantzia eman gura diozun. Zabor tasa ingurugiroarekin dago zuzenean lotuta eta horrek garrantzia du guretzat. Herritarrek, bestalde, ahalegin handia egin dute sistema honekin gauzak txukun egiten. Emaitza oso onak lortu dira; errefusa, adibidez, %78 inguru jaitsi da. Nahiz eta biltze zerbitzua garestiagoa izan, uste dugu horrek ez diola eragin behar herritarrei".

Txantxien araudia

Txantxiaren inguruan, EAJk adierazi zuen herriko merkataritzaren alde egiteko modua dela eta ados dagoela, baina ezarritako sistema ez zaiela hain erraza iruditzen, eta horregatik abstenitu egin zen txantxiaren araudia onartzerakoan. Gaur, astelehena zabalduko dute udaletxean euroak txantxiengatik aldatzeko bulegoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak