Joan den martitzenean Altsasun batu ziren hegoaldeko herrialdeetako jubilatuen plataformak, eta egungo egoera aztertu ostean, plataforma bateratu bat sortzeko beharra ikusi zuten. Gaur, Oñatin, asmo horixe izan dute hizpide Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna elkartekoek. Argi dute, bateratzeak, koordinazioa hobetzen lagunduko lukeela, eta jubilatuen intereseko gaien lanketan aurrera pauso handia izango litzatekeela, baina ezinbestekotzat jo dute plataforma hori edonorentzat irekia izatea. Oñatiko Pake Leku elkarteko kide den Jose Antonio Amondarainek ere hala uste du "gai hauekin keztatuta dagoen jendeari aukera eman behar zaio plataforman parte hartzeko, datozen lekutik datozela ere".
Horrez gain, Duintasunak berak ere, Gipuzkoa mailako talde iraunkorra sortzea erabaki du, elkartearen funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko. Horren bidez, planteatzen dituzten borroketan aurrera pausoak ematea espero dute. Izan ere, esaterako, urtebete pasa daramate botiken berrordaintzearen auzian egoera hobetzeko lanean. Besteak beste, iaz sinadurak bildu eta eusko legebiltzarrera aurkeztu zituzten, berrordaintzea sistema aldatzea eskatzeko, baina oraindik ez dute esperotako emaitzarik lortu.
Amondarainek dioenez, administrazioak baditu pentsiodunen datuak, eta ez dute ulertzen zergatik izan behar duten jubilatuak eurak "paperak betetzen" ibili behar dutenak. Izan ere, askok, ezjakintasunagatik edo laguntza faltagatik ez dituzte berrordaintzeagatik dagokien dirua berreskuratzeko paperak betetzen eta Amondarainek zalantza du "administrazioak jubilatuei dagokien diru horrekin zer egingo ote duen". Egoera aldatu artean, ordea, euren dirua berreskuratu ez dutenei laguntzeko prest daude Duintasuna elkartekoak.
Berrordaintzeaz gain, pentsioen igoerak ere arduratuta dauzka jubilatuak. Amondarainek dioenez, aspaldiko urteetan pentsioak ez dira igo, eta orain "PPren gobernuak 0.5 igoko dituela dio, baina hori ez da nahikoa". Horregatik, euren aldarrikapenak gobernuari helarazteko lanean jarraitzeko asmoa agertu dute Duintasunakoek. Besteak beste, gaur bertan elkarretaratzea egin dute Oñatiko plazan.