Baserritar jantzi eta kalera irten dira oñatiarrak, Herri Egunean

Usoa Agirre 2014ko urr. 6a, 15:45

Jaietako egun garrantzitsuenetarikoa dute gaurkoa Oñatin, eta nabaritu da. Izan ere, baserritarrez jantzi eta kalera irten du jendeak. Herritar asko batu dira Foruen plazan sagardoa edateko, baita artisau, abere eta barazki azoketan ere. Eguraldia lagun, giro bikaina izan dute goizean zehar [ARGAZKIAK].

Jaietako bigarren asteburua ospatzen dabiltza Oñatin. Atzo hainbat ekitaldi izan ziren. Besteak beste, Karrikaldia txosnagunean. Asko eta asko, baina, gaurko egunerako erreserbatu dira. Izan ere, gaurkoa da askorentzat egun ederrena.

Kaleak jendez lepo zeuden gaur eguerdirako. Baserritar jantzia soinean, egun osoko festaz disfrutatzera irten dira herritarrak. Hala, jende asko zebilen abereak ikusten, adibidez. Herriko baserritarrek behiak, behorrak, astoak, ardiak, txerriak... jaitsi dituzte kalera. Baina ikustekoaz gain, bazen zer erosi ere fruitu eta barazki azokan eta artisauenean. Lehenengoan, tomateak, piperrak, pikuak, urrak... zeuden; eta bigarrenean, eskuz eginiko produktu ugari: belarritakoak, poltsak, kamisetak, ukenduak... Bestalde, Herri Egunean ezin dute hutsik egin taloak eta sagardoak. Horrela, luzea zen taloa erosteko lerroa eta Foruen plaza lepo zen 12:00ak bueltan 21 sagardo etxek ekarritako sagardoa dastatzeko.

Goiz guztia kalean egin ostean, asko herri bazkarira joan dira. Giro bikaina izan dute, herriko musikariek alaitua. Indarrak hartu ostean, eguna goizaldera arte luzatzeko asmoa izango dute askok. Izan ere, oraindik bada non disfrutatu: herri kirolak, Erdizka Lauetan, Gozategi txosnagunean...

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Honakoak izan dira fruitu, barazki eta gazta lehiaketetako irabazleak:

Fruituetan:

Lote ederrena: Felix Azkargorta

1. saria: Felix Azkargorta

2. saria: Joxe Mari Lizarralde

3. saria: Xabi Campo

Barazkitan:

Lote ederrena: Xabi Campo

1. saria: Xabi Campo

2. saria: Arantzazu Sagarzazu

3. saria: Joxe Mari Lizarralde

Gaztak:

1. saria: Nestor Altzelai

2. saria: Gomiztegi

3. saria: Akaitz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak