'Riki' zakurra eta Enrike Mendiguren artzain orozkoarra garaile, Artzain Zakurren txapelketan

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ira. 21a, 18:55

Riki zakurra eta Enrike Mendiguren orozkoarra dira Oñatiko Nazioarteko 55. Artzain Zakurren txapelketako irabazleak. Gaur lortutakoarekin bosgarren txapela du jada Oñatin Mendigurenek baina lehena Riki, gaurko zakurrarekin.

"Oso urduri" egon dela aitortu du txapela jasotzerakoan artzain irabazleak baina akatsik gabeko lana eginda, 327 punturekin, hura izan da Santa Lutzian garaile. Fernando Etxebarria aramaioarrak, Argi zakurrarekin, Arabako txapelketa irabazi eta gero, lehen aldia zuen Oñatiko txapelketan. Hamargarren postua eskuratuta, pozik zegoen aramaioarra ere, txapelketaren maila eta lehiakideen zakurrak ikusita. Guztira 12 artzainek hartu dute parte; euskaldunak, kataluniarrak eta frantziarrak.

Enrike Mendigurenek lan bikaina egin du Santa Lutzin, nerbioak nerbio. Azken ariketarako lauren artera bost puntutako desabantailarekin heldu arren, azken aukeran, artzain zein abere, ezin finago jardunda, gainontzeko hirurek baino lan hobea egin dute Mendigurenek eta Rikik. Gainera, azken laneko lau zakurren artean Riki izan da bakarra euskal arrazakoa; Border Collien artean. Pozarren, txapela jantzi berri, Oñatiko txapelketaren zailtasuna nabarmendu du orozkoarrak, ze "akatsik ezin da egin eta zehaztasun handia behar da", azaltzen duenez. Dioenez "hamabost bat bider aurkeztu eta bostetan besterik ez" da lehen geratu. Apaltasunez esan arren, Bizkaiko 8 txapelketa, Euskal Herriko 6 eta Oñatiko 5 garaipenak aitortu behar zaizkio. Rikiri dagokionez, lehenengoz aurkeztu du Oñatikora 4 urteko zakurra. Aurretik garaile izan diren Noizarte eta Riki zakurren ondorengo da Riki euskal artzain zakur gaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak