'Iparragirre Oñatin' antzezlana, Olaitturri Kultur Elkartearen eskutik

Olaitturri Kultur Elkarteak antolatuta, herriko beste hainbat talderen laguntzarekin, Iparragirre Oñatin izeneko herri antzerkia egingo dute irailaren 27an. 1880an Iparragirre Oñatin izan zen San Migel jaiak alaitzen eta hor girotzen da antzerkia. Sarrerak Txokolateixan daude eskuragarri.

Joxe Mari Iparragirre Oñatiko San Migel jaietan izan zeneko kontuak antzeztuko dituzte Olaitturri Kultur Elkartekoek Iparragirre Oñatin izeneko herri antzerkian. Herriko hainbat talderen laguntza izango dute antzezlanean: bertso eskola, Parrokixako korua, Ganbara abesbatza, Jose de Azpiazu musika eskola, Oñati abesbatza eta Pake-Leku. Guztira 27 lagun igoko dira taula gainera, guztia prestatzen dabiltzanak 40 inguru diren arren.

Antzerkiak bi ezaugarri nagusi ditu. Batetik, Iparragirreren biografia irudikatuko dute; eta bestetik, Iparragirrek idatzitako 14 kanta  abestuko dituzte. 14 abesti, 14 agerralditan. Amaitu, baina, kanta herrikoi batekin amaituko dute. 

Irailaren 27an izango da herri antzerkia eta bi emanaldi egingo dituzte Santa Ana aretoan. Bata 19:30ean eta bestea 22:30ean. Txartelak Txokolateixan daude eskuragarri, doakoak dira. "Aurrekoan gertatu zitzaigun 19:30ean berehala bete zela aretoa, eta batzuk sarrera gabe gelditu ziren. Aurten, Txokolateixan sarrera hartzen dutenek ziurtatuta izango dute sarrera", azaldu du Iñazio Irizar antzezlaneko zuzendariak.

Informazio gehiago hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.