Irailaren 9a, egun seinalatua gaur Arantzazun. Eusko Jaurlaritzatik ordezkaritza zabala etorri da: Iñigo Urkullu Lehendakaria eta zazpi sailburu, hain justu. Gipuzkoako Aldundiko eta Oñatiko Udaleko ordezkariak ere izan dira bertan.
Ohi bezala, presoen senideek bilkura egin dute santutegi kanpoaldean Etxeratek deituta. Martin Garitano Diputatu Nagusiak, Mikel Biain, Oñatiko alkateak eta Aldundiko ordezkariek nahiz Oñatiko Udalekoek, agur beroa egin diete euskal presoen senideei. Garitanok, Espainiako Gobernua mugiarazteko, gizarteari eta eragile guztiei iniziatiba berriak abian jartzeko eskatu die.
Aipatu ere, Eusko Jaurlaritzatik ez dutela gura izan adierazpenik egiterik.
Eguerdian izan da ospakizuneko zita nagusia Jose Inazio Munilla Donostiako Eliz barrutiko Gotzainaren eskutik. Munillak, jendea elizara gerturatzearen gaineko hausnarketa egin du bere homilian. Eta gaur, bakegintzan emandako urratsak ere eskertu ditu.