Oñatiko San Lorentzo auzoa berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta abuztuaren hasieraz geroztik, bosgarren eta seigarren areetan dihardute lanean.
Bere garaian, publizitaterik gabeko prozedura negoziaturen bidez esleitu ziren lanok. Area bakoitzak bere prozesua izan zuen, eta hiru enpresa aurkeztu ziren berauetara. Azkenean, proposamen ekonomiko merkeenak aurkeztuta, Otegi-Gaztañaga enpresak eskuratu zituen bien esleipenak.
Irisgarritasuna hobetzen
Bosgarren areari dagozkion lanak auzoaren goialdean dabiltza egiten, 62, 63 eta 65 zenbakidun etxeen inguruan. Bertan, espaloiak zabaldu, zoladura berritu eta zebra bideak moldatzen dabiltza. Gainera, arrapala bat egokituko da goialdean dauden aparkalekuetara iristeko. Esparru honetako lanen barruan gainera, Lazarraga kaletik Errekalderako tuneleraino iristen den espaloi zatia ere ari dira konpontzen.
Area honetako lanek 180.000 euroko aurrekontua dute, Udalak hasieran zehaztutako aurrekontua baino ia 53.000n euro gutxiago.
Seigarren areako lanei dagokienez, helburua da auzoaren erdigunean dauden 42-43 eta 32-33 zenbakidun etxe blokeen inguruko urbanizazioa berritzea. Hala, etxe bloke horietatik igogailua dagoen auzoaren erdiko ardatzera modu irisgarrian heldu ahal izateko lanak izango dira egingo dituztenak. Kasu honetan, lizitazioaren baldintzetan 240.000 aurrekontua zehaztu zen, baina Otegi-Gaztañaga enpresak ia 66.000 euro gutxiagoko aurrekontua erabiliko du.
Otegi-gaztañaga enpresak lanak azaoraren 30erako amaitzeko konpromisoa hartu du.