Aloña Mendiko hamaika talde futbol denboraldi berrian

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abu. 27a, 10:16

Guztira, Aloña Mendirekin, 150 lagun inguruk jokatuko dute datorren futbol denboraldian. Igor Serrano idiazabaldarrak zuzenduko du lehen taldea, Unai Mendia laguntzaile duela. Etxean jokatuko dute denboraldi berriko lehen partidua, irailaren 14an Martuteneren kontra.

Abuztuaren erdiaz geroztik, Azkoagain ez dago hutsik. Hasita daude futbol taldeko kideak entrenatzen eta behin iluntzerako, talde bateko zein besteko jokalariak entrenatzen dihardute egunero. Lehen taldeak, esaterako, astean lau entrenamendu egiten ditu.

Jabi Azpiazurekin batera, Jesus Mª Zelaia ari da talde guztien entrenamenduak koordinatzen. "Larrañako futbol zelaia ere hor dago. Argia badago han, baina aldagelak falta dira oraindik. Ari da osatzen hori ere. Asmoa da zelai biak erabiltzea", adierazi du Azpiazuk.

Igor Serrano

Lehen taldea, esaterako, uztailean hasi zen entrenamenduekin, lasai. Eta hamabost eguneko oporren ostean, hilaren 18an hasi zen denboraldi berria ganoraz prestatzen. Aurten, Igor Serrano eta Unai Mendia goierritarren aginduetara jokatuko dute.

Klubak helburu bat jarri dion arren, bere helburu pertsonala denboraldiko lehen partidua irabaztea dela dio Serranok. Aloña Mendi talde berria da Igor Serranorendako, baina gogoz eta pozik dago Idiazabalgo entrenatzailea."Klubeko zuzendaritza taldearekin harreman ona dut eta jokalariekin ere bai. Pozik nago. Ikusi dut lanerako gogoz daudela", esan du Serranok.

Irailaren bigarren asteburuan hasiko du denboraldia Aloña Mendiko lehen mailako futbol taldeak, eta etxean jokatuko du, Martuteneren kontra. Egubakoitzean, baina, lagunarteko partidua jokatuko du Bakion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak