Frantziar eta kataluniar asko Oñati bisitatu dutenen artean

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abu. 26a, 14:41

Arrikrutzen ere bisitari asko izan dituzte abuztuan. Hileko lehen hamabostaldian, esaterako, Holandatik etorritakoak, gehienak. Kobak, Arantzazu, unibertsitatea eta parrokiaz gain, Txokolateixia ere ezagutu dute askok. Harrera ona izan du.

Aurten ere bisitari asko jaso ditu Oñatik abuztuan. Hilabetea bukatzeko egun batzuk falta diren arren, 1.835 lagun pasa dira turismo bulegotik abuztuaren 1etik 23ra. Gehienak, frantsesak eta kataluniarrak. "Aurten euren kasa etorritako jende asko etorri da eta bertakoek ere bisitatu dute herria, horietako batzuk, gainera, errepikatu egin dute bisita, kanpotik ekarritako lagunekin bigarrena", dio turismo bulegoko Edurne Urteagak.

Horietako askok agentzien bitartez izan dute Oñatiren berri, eta lehen hemen egondako lagunek aholkatuta ere etorri dira beste batzuk. Hala ere, Oñati ikusteaz gain, inguruko herriak ere bisitatzeko aprobetxatzen dute askok Euskal Herrira egiten duten bisita. Horixe da, esaterako, Jaendik etorri eta gaur Oñati bisitatu duen koadrilaren kasua. Bilbo eta Gernika ere, adibidez, ezagutu dituzte.

Txokolateixia

Parrokia, unibertsitatea eta Arantzazu ez ezik, aurtengo udan Txokolateixia izan da turisten beste geldiune bat. Harrera ona izan duen ekimena da. Bertako langile Oihana Diazen arabera, asko harrituta gelditu dira Oñatik txokolatearekin duen loturarekin. Txokolatearen interpretazio zentroa izan gura du Txokolateixiak eta produktu horren historia eta horri buruzko informazioaz gain, txokolatea usaintzeko aukera dute bisitariek, eta gustukoa izan dute hori.

Arrikrutz kobak

Arrikrutzen ere datu onak batu dituzte abuztuan. Hileko lehen hamabostaldian, esaterako, Holandatik etorritako koadrila asko egon dira, baita frantsesak eta italiarrak ere. Gaur, berriz, Alemaniatik eta Londresetik etorritakoak sartu dira 12:00etako bisitara. Ingurua asko gustatu zaiela aitortu dute, eta lagunei aholkatzeko moduko parajeak direla hauek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak