Oraindik orain ere, jakiteko dago zerk eragin zuen sua. Kalean diotenaren arabera, ura sartu zen dendara, eta argindar kableak ukitu eta zirkuitulaburra eragin zuen. Eta horren ondorioz etorri zen sua. Dena den, ez suhiltzaileek eta ezta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ere, ez dute datu hori konfirmatu. Segurtasun Sailak esandakoaren arabera, momentuz ez dute gertakaria ikertzeko diligentziarik zabaldu.
Aguro lan egin
Sutea joan den egubakoitzean, abuztuaren 1ean gertatu zen. Oñatiko Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 21:30ak inguruan jaso zuten abisua, Ane mertzeriaren barruko partetik sua eta kea irteten zenaren gaineko abisua, alegia. Berehala iritsi ziren suhiltzaileak. Haiek 23:30ak arte jardun zuten lanean; bereziki, kea izan zen kalterik handiena eragin zuena. Eta badaezpada, dendaren goiko etxebizitzak hustu egin zituzten suhiltzaileek.
Edozelan ere, eta lekukoek kontatutakoaren arabera, aguro lan egin zuten suhiltzaileek, bereziki, kea ateratzeko aparatuekin. Eta horri esker suteak ez zuen kalte gehiagorik eragin, ez goiko etxebizitzetan eta ezta inguruko saltokietan ere.
Adibidez, egunean bertan bueltatu ziren kanpora irten behar izan zuten bizilagunak. Eta etxe azpiko gainontzeko saltokiek normaltasun osoz dihardute lanean.
Ezagun askoak
Kontuak kontu, susto handia jasan zuten barikuan Oñatin, eta orain, pena handiarekin begiratzen diote bertatik pasatzen diren herritarrek erre den saltokiari. Bertako ugazabak ondo ezagun askoak direla kontatu dute, adibidez.
Egunotan aztertu beharko dute, beraz, zerk eragin duen sutea. Biten bitartean, kalteak kontatzeko egunak dituzte ugazabek. Aseguruareki berba egitekoak. Eta etorkizunean zer egin erabakitzekoak. Zorigaiztoko egunak.