Autokontsumo osasuntsura bideratutako aisialdirako ortuak eskaini gura die Udalak herritarrei, hainbaten eskariari erantzunez. Hainbat aukera aztertu ostean, bi gune ikusten ditu aproposak horretarako: San Martin auzoan bat eta Torrealden bestea. "Zumeltzegi dorrearen inguruko lursaila, esaterako, jabego pribatukoa da. Harremanetan egon gara jabearekin eta errenta eta baldintzak zehazten ari gara orain. San Martingo eremuan, berriz, bi lursail publiko eta pribatua den beste bat daude. Aztertzen ari gara", dio Udaleko Nekazaritza teknikari Aitor Gerenabarrenak. Interesa dutenek gune bat edo bestea nahiago duten erabaki beharko dute, eta horren arabera erabakiko du Udalak gune bakarra edo biak egokitu.
Auzolana
Udalak emakidan eskainiko ditu lurrak eta ezaugarriei dagokienez, sail txikienak 30 metro koadro izango ditu, eskatzailearen beharren arabera gehiago izan ditzakeen arren. Bestalde, erabiltzaileek sarrerako kuota bat ordaindu beharko dute (50-70 euro) eta baita urteko beste bat ere (70-90 euro). Asmoa da beste herrietako esperientzietan oinarrituta, ortuzain guztiendako azpiegitura komunak jartzea; txabolak edo uraren banaketa, esaterako. "Horrek eskatzen du nolabait elkarbizitza bat zure ondoko ortuzainarekin. Erabiltzaileek, gainera, elkarte bat osatu beharko dute Udalarekin harremanak izango dituena", azaldu du Aitor Gerenabarrenak .
Auzolanaren bitartez baratzeen eraikuntzan ere parte hartu ahal izango dute ortuzainek.
Izen ematea, udaletxean
Interesa duten herritarrek ekainaren 20a aurretik eman behar dituzte datuak udaletxean: izen-abizena, helbidea eta Nortasun Agiri zenbakia. Bi guneetatik gustukoen zein duten ere bai.