Uruguaiko herritarren elkartasuna gogoan El Filtroko 20.urteurrenean

Maialen Torres 2014ko eka. 5a, 12:58

Oñatiko Euskal Memoria taldeak, datorren astean hasita, hainbat ekintza antolatu ditu. Hizpide dira duela hogei urte euskal errefuxiatuek Uruguaiko El Filtron bizi izandakoak, eta helburua da horiek gogora ekartzea.

80. hamarkadaren bukaeran iritsi ziren lehen errefuxiatuak Uruguaira. 1992ko maiatzean horietako hamahiru atxilotu zituzten Montevideon, eta urte bete pasatu baino lehen, gehienak aske utzi bazituzten ere, Jesus Mari Goitia Manueltxo oñatiarra, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez giltzapean mantendu zituzten. Aritz Arnaiz Oñatiko Euskal Memoria taldeko kidearen esanetan, gertakari horiek "Uruguaiko Gobernuaren aurka espainiarrek egindako presio eta xantaiaren ondorioa" izan ziren. Gainera, Euskal Memoria taldeko kideek garaiko Uruguaiko gobernuari bere duintasuna "saltzea" leporatzen diote, baita bertan zeuden euskal errefuxiatuak "trukerako txanpon" bihurtzea ere.

1994ko udan, hiru presoak Espainiar Estatura estraditatuko zituztela iragarri zuten. Protesta gisa, hamalau egun iraun zituen gose eta egarri grebari ekin zioten hiru euskaldunek, eta Montevideoko El Filtro ospitalera eraman zituzten. Garai hartan, euskal herritarrek elkartasun handia eskaini bazieten ere, uruguaiarrek emandako babesa eskertu nahi izan dute Euskal Memoria Taldeko kideek: "denbora guzti horretan, uruguaiarrek erakutsitako elkartasuna etengabea izan zen, eredugarria". Arnaizek esandakoaren arabera, Uruguain greba orokorra burutu zen, milaka eta milaka pertsonen manifestazioak, ospitale aurrean ate-zaindari egon ziren, euskaldunen asilo eskubidea defendatzeko. "Arratsalde-gau hartan, bertako poliziak neurririk gabeko indarkeria erabili zuen: atxilotuak, desagertuak, ehundaka zauritu... probokatuta", adierazi dute Euskal Memoria Taldeko kideek; "eta are larriagoa dena, bi hildako Fernando Morroni eta Roberto Facal uruguaiarrak".

Gertakari horien hogeigarren urteurrena aurten betetzen denez, eta hauek gogoratuz, Oñatiko Euskal Memoria taldeak hainbat ekintza antolatu ditu. Uruguaiarrei garai hartan eskainitako babesa eskertzeaz gain, oñatiarrei El Filtroko gertakariak jakinaraztea da antolatutako ekintzen helburua, askorentzat erabat ezezagunak baitira. Izan ere, beraien esanetan, memoria ezinbestekoa da herri batek biziraun dezan.

Egitaraua

  • Ekainak 10, martitzena: “EL FILTRO. Memorias de los refugiados vascos en Uruguay” liburua idatzi duen Jon Mintegiaga idazlearen hitzaldia, Kultura Etxean, 19,00etan.
  • Ekainak 13, egubakoitza: Bertso musikatuak Arranon, 22,00etan.
  • Ekainak 17, martitzena: “FILTRO. 15 urte. Maite zaituztegu – Pueblo vasco. Tú lucha es nuestra lucha” zine-foruma eta ondoren “Manueltxo”k bere bizipenak kontatuko ditu, Kultur-Etxean 19,00etan.
  • Ekainak 20, egubakoitza: Afari-merienda Gaztetxean, 21,00etan. Ondoren, Manueltxorekin tertulia. Izen-ematea Arranon edo Gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak