EHBildu: "Larria deritzogu EAJko oposizio buruak hartu zuen jarrera oldarkorrari"

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 4a, 09:48

Koalizioak adierazi du sakoneko arazoa dela 2008ko abenduan hartutako erabaki bategatik uraren kudeaketaren eskumena galdu izana, eta gaineratu du gobernuko ardurak dituztenek kritikak hartzen jakin behar duten moduan, iraganean gobernu ardurak izan zituztenak ere hartu zituzten erabakien arduradun direla. "Larria deritzogu errespetuz eta lasaitasunez eman ziren datu objektiboen aurrean, datuok konfrontatu beharrean, EAJko oposizio buruak hartu zuen jarrera oldarkorrari", gehitu du. Urarena ez da, gainera, adibide bakarra, EHBilduren iritziz.

Koalizioaren prentsa oharra, osorik:

"Azken Osoko Bilkuran 23 puntu lantzeko izanik, laugarren puntuan  EAJko bozeramale den Lourdes Idoiagak lehenik eta (berak horrela aginduta) taldekide guztiek atzetik Osoko Bilkura utzi zuten. Gogoratu behar da Ez dela lehenengo aldia horrela egiten dutela.

Osoko Bilkura udal guztietan egon behar duen kide anitzeko organoa izanik zinegotzi guztiek osatzen dute eta alkatea du buru. Udal antolaketaren barruan herritarren politika-ordezkaritzako organo gorena da eta bertan eztabaidatzen dira besteak-beste: aurrekontuak, udalaz gaineko erakundeetan parte hartzeari buruzko erabakiak, udal ordenantzak eta erregelamenduak onartzea eta aldatzea, etab.

Hitz gutxitan esanda, ikuspuntu eta eredu ezberdinen inguruan izan ditzakegun ikusmoldeak konfrontatzeko eta herritarrentzat onenak deritzogun erabakiak hartzeko gunea da Osoko Bilkura. Horregatik larria deritzogu errespetuz eta lasaitasunez eman ziren datu objektiboen aurrean, datuok konfrontatu beharrean, EAJko oposizio buruak hartu zuen  jarrera oldarkorra, alkateak esaten zuenari entzungor egin eta Bildu Udal Taldeko zinegotzi bati, modu txarrez, isilaraziz. Irratsaioan eta grabatuta dagoen pleno saioan ongi baino hobeto entzuten da bata eta bestearen eredua eta oldarkortasuna, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Gobernuko ardurak ditugunok kritikak hartzen jakin behar dugun moduan, iraganean gobernu ardurak izan zituztenek ere iraganean hartu zituzten erabakien arduradun dira eta erabaki haiekiko izan ditzakegun zalantza eta kritikak onartu behar dituzte. Gobernu taldetik ulertzen dugu egun oposizio den taldeak ez entzun nahi izatea iraganean beraiek hartu dituzten erabakiek izan duten eragina baina ez dugu ulertzen iraganeko kritika bat ateratzen den bakoitzean bozeramaleak hartzen duen jarrera eta nerbio galtzea.  

Hau argi ikusi zen adibidez ur ordenantzaren onarpeneko puntuan. Uraren tarifikazio berria dela eta EAJk oposizioa egiteko baliatu du eta ondo deritzogu. "Desoreka", "injustizia", "Bilduren politila zigortzailea", "diru bilketa hutsa dute helburu"... bezalako hitzak entzun edo irakurri behar izan ditugu oposizioaren aldetik gure kudeaketa eta erabakiei buruz, baina kritika politikoaren barruan kokatzen dugu.

Aldiz, iraganean Idoiaga andereak Uraren kudeaketa osoa udaletik kanpoko erakunde baten esku utzi zuela gogorarazi eta kritikatzean ez zuen jakin gure iritzi edo kritika onartzen.   

Garbi esan genion oposizioko bozeramaileari ez zedila zuhaitzaren abarretatik ibili. Hemen sakoneko arazoa 2008ko Abenduan harturiko erabaki bategatik uraren kudeaketaren eskumena galdu izana da. Oñatiko Udalak ezin du Uraren ordenantzarik egin, eta ezin du uraren prezioaren kontrolik izan, orduan harturiko erabakiaren ondorioz.

Ondorioak garbiak dira, uraren tarifa %60 garestitu da Uraren kudeaketa udaletik kanpora atera zenetik eta ordainetan herriko sareak jaso behar zituen hobekuntza inbertsioak ez dira hitzartu bezala betetzen.

Baina urarena ez da adibide bakarra…

San Martingo etxebizitzen plan partzialaren inguruan legedia betetzen ez dugula leporatu digute. Akusazio larriak dira eta kritika politikoaren muga gainditzen dutela pentsaraztera eraman gaitzakeen arren, kritika politikoaren barruan kokatzen dugu.

Hondakinen sistema aldatzeko erabakia hartu genuenean ere honelakoak entzun eta irakurri behar izan genituen EAJk sinatutako eskuorri edo kideen aldetik: "Bildu= Zero Gardentasun", "Atez atekoa herrian eta zaborra buruan", "Bilduk zero konfiantza erakusten dio herritarrari", "Bilduk bildurra die informatutako herritarrei"… baina hau ere kritika politikoaren barruan kokatzen dugu.

Hau guztia kontutan izanda EH Bilduko Udal Taldetik honokoa adierazi nahi dugu:

Oldarraldiak oldarraldi, orain hiru urte jasotako erantzukizun berdinarekin lanean jarraituko dugu EH Bilduk Oñatirako duen proiektua lantzen eta oposizioko taldeari dei egiten diogu beraien jarduna era arduratsuan garatu dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak