Errekalde auzoko goitibehera lasterketako laburpena

Xabier Urtzelai 2014ko eka. 3a, 11:58

Julen Agirreburualde legazpiarrak irabazi zuen Errekaldeko lasterketa. Aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa izan da, eta ikusmin handia piztu zuen lasterketak, gainera. Hemen "Harmailatik" saioan eskainitako bideoa.

43 parte-hartzaile izan dira Errekaldeko goitibehera lasterketan eta antolatzaileek positiboki baloratu dute aurtengo lasterketak emandakoa. Neska-mutil gaztetxo ugari izan dira parte hartzen, baita helduagoak ere, eta lasterketak urtero moduan jendetza erakarri du. Agirreburualde legazpiarra izan da garailea eta aurtengo bere lehen garaipena izan da Errekaldekoa.
 
Euria dela-eta hasieran ibilbidea nahiko arriskutsu egon arren, gero ateri eutsi dio eta lurra sikatuaz joan denez, ez da hain labainkor egon bidea.
 
Entrenamenduaren ostean, bi txanda egin dituzte eta Julen Agirreburualde legazpiarra izan da azkarrena (lehenengo txandan 01:00.561ko denbora egin du eta bigarrenean 00:58.591). Bigarren postuan iritsi da Aritza Castresana eta podiumeko hirugarrena izan da Jokin Gutierrez, Bergarako 16 urteko gaztea, pneumatika kategorian.
 
Ondoren iritsi dira, besteak beste Andoni Toston eta Gorka Urrutia eskoriatzarrak (bosgarren eta seigarren postuan, hurrenez hurren, sailkapen orokorrean). Eta Oñatiko Iker Mugarza eta Koldo Txintxurretak ere lasterketa ona egin dute (zortzigarren eta hamargarren postua lortuta, hurrenez hurren, sailkapen orokorrean).
 
Nesketan, berriz, hamalau urteko Maddi Gutierrez bergararra izan da lehena (lehenengo txandan 01:24.989ko denbora egin du eta bigarrenean 01:23.951). Sailkapen orokorreko bigarren neska Irati Samaniego izan da, eta hirugarrena, berriz, Naia Lasagabaster, biak oñatiarrak.

Kategoriaka, irabazleak

Guztira sei kategoriatan lehiatu dira Errekalden: pneumatikan, Julen Agirreburualde izan da azkarrena; gravity bike kategorian, Andoni Toston; arinetan, Oier Mendizabal; drift trike kategorian, Jose Manuel Gartzia; arinetan, Naia Lasagabaster; eta errodamentuetan Iker Aransolo izan da azkarrena.

Lasterketa jendetsua

Aurten 43 parte-hartzaile izan dira, ia bikoiztu egin da joan zen urteko lehiakide kopurua, eta antolatzaileak oso pozik daude lasterketak izan duen harrerarekin: "Eguraldiak nahikoa errespetatu gaitu eta dena oso ondo irten da. Kolpe pare bat egon dira eta hiru mutil anbulantzian artatu behar izan dituzte, baina ez da ezer larria izan; bigarren txandan izan da hori, ibilbideko azkeneko kurban. Parte-hartzaileen kopurua ere izugarri igo da eta pozik gaude", adierazi du Alvaro Vazquez antolatzaileak.

Lehiakideek ere disfrutatu dutela nabaritu da eta ikusle ugari izan dira ibilbide guztian zehar parte-hartzaileei animoak ematen, urtero moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak