Def Con Dos taldearen 25 urtetako ibilbidea Oñatin indarrez laburtuta

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mai. 31a, 13:09

Orain bi urte izan ziren azkenekoz Def Con Dos taldekoak Oñatin; gaztelekuan izan ziren orduan, Errekaldeko jaietan, berriz, atzo egubakoitza.

Goizaldeko ordubiak ziren madrildarren emanaldia hasi orduko, plaza zalez beteta zegoen taularen gainean aurrez izandako Bagauda (Oñati), Screamers & Sinners (Arrasate) eta Kolpatu (Donostia) taldeek ederto berotutako giroan. Lehenengo akordeekin erakutsi zuen Madrilgo boskoteak dena ematera igo zirela oholtzara, hastapenetako eta disko berriagoetako kantu izarrak tartekatuz, 90 minututan, bizkar gainean duten 25 urtetako ibilbidearen laburpen indartsua egin zuten lehenengo kantutik saltoka eta kantuan zegoen publikoaren aurrean.

Diskotik diskora saltoka

"Euskal Herrian jotzen dugun guztietan moduan, atzokoan ere oso gustura jardun genuen, publikoaren erantzuna ezin-hobea izan zen beste behin ere, eta euriak errespetatu gintuen gainera. Bihotzean daramagu Euskal Herria, beste tokietan kasurik egiten ez zigutenean, bertan ondo hartuak izan gara-eta beti. Asko gustatu zitzaigun tokia eta baita oholtzara igo ziren beste taldeak ere" kontatu du Cesar Strawberry abeslariak Oñatitik etxera heldu berria zela gaur zapatu goizean.

25 urte errepidean egin eta gero, zaila izaten dela dio kontzertuaren kantu zerrenda osatzea asko dira-eta jo  gura izaten dituzten kantuak. Horrela bada, taldearen ibilbidearen laburpena egiten saiatzen direla diote, zale beterano eta berriagoen gosea ase nahian. Zaleek ondoen ezagutzen dituzten kantu ikurrak oinarri hartuta, besteak beste, Tercer Asalto, Ultramemia, Armas pal pueblo eta Alhzeimer diskoetatik aukeratutakoekin osatu zuten Oñatiko emanaldiaren bizkar-hezurra ere. Horiez gainera, izan ziren, era berean, iaz kaleratu zuten España es idiota diskoan batutakoak lau kantu ere. Eta publikoaren jarrera ikusita, aukeraketan asmatu egin zuten antza, Def Con Dosekoen indar eta intentsitateak hasieratik harrapatu zituzten-eta, euriaren mehatxuari kasurik egin gabe taldearekin bat zeudela erakutsiz.

Motorak berotzeko, etxekoen emanaldiak

Errokaldeko Bagauda taldearen Stonner eta Rock&roll doinuek zabaldu zuten kontzertua. Ordubete inguruko zuzeneko indartsua egin zuten txantxikuarrek hasierako trabak gaindituta; izan ere, lehenengo kantua jotzen hasi orduko gitarra jolearen anpliak pott egin zuen baina arrasatearren laguntzarekin segituan eman zioten buelta eta publikoa hotz samar izan zen arren, kontzertu borobila egin zuten etxekoek.

Screamer & Sinners-ekoen kontrabaxu eta gitarrek hartu zuten lekukoa, eta poliki-poliki berotzen joan zen publikoa. Aurten ateratako Desmond Tales lanearen gainbegiratua egin zuten arrasatearrek, beste batzuetan moduan, Johnny Cash, Ramones eta The Troggs taldeen bertsioekin osatuz zerrenda. Gustura jardun zuen boskoteak ere, eta baita zaleek ere, izan ziren horien artean, diskoa erosi zutenak ere.

Garai bateko Kortatu taldearen bertsioak egiten dituzten Donostiako Kolpatu izan zen oholtzara igotzen hirugarrena. Giro ona jarri zuten guztiok ezagutzen ditugun Kortaturen kantuak abestuta. Oñatin bizi den Evaristo abeslariari ere egin zioten keinua, besteak beste, La Polla taldearen kantu bat osatuaz errepertorioa.

Aipatutako hiru taldeek egindako lanarekin, zain eta berotuta zeuden plaza bete zuten zaleak, kontzertua borobilduko zuen Def Con Dos taldeari harrera ona egiteko asmoaz.

Erlazionatuak

Asteburua iruditan

Jon Berezibar 2014 eka 02 Debagoiena

Udaberri eguna Bolua auzoan

Jon Berezibar 2014 eka 02 Bergara

Ia 800 lagun, Arrasateko erretiratuen bazkarian

Miren Arregi Amasorrain 2014 mai 31 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak