Askotariko ikasle eta irakasleen emanaldiek hartu zuten lekukoa gero, eta eguna amaitzeko elkarrekin afaldu zuten pilotalekuan bertan 160 lagunek giro onean. Afalostean, dantzan eta jolasean ibili ziren.
350 musikari oholtzan
Irene Hernandok eta Aitor Garitanok jardun zuten kontzertuan, aurkezle lanetan; eta 500 ikusleren aurrean, oholtzara igo ziren 350 musikarien saioak aurkeztu zituzten bana-banan.
Hiru eta bost urte bitarteko biolin-joleak izan ziren jotzen lehenengoak. Akordeoilariek jarraitu zuten gero, Aitor Garitanoren ahotsari doinuak jarriaz, Händelen Serze operaren arian. Hasi berrien abesbatzak, bost eta sei urte bitarteko 60 ikaslek, Bernan eta Begigorri ipuin musikatuaren zati bat kantatu zuen segidan, txistulariei pasatuz gero lekukoa.
Askotariko soka eta haize tresna batzen dituen orkestra sinfonikoa izan zen oholtzan hurrengoa eta Andres Isasiren Escenas rústicas obra eskaini zuten.
Aurten sortutako Big Band boskoteak hartu zuen txanda gero eta Metallicaren Nothing Else Matters entzuteko aukera izan zen segidan, soka seikotearen eskutik.
Horien ostean, tronpeta eta txalaparta doinuekin ezkondu zituzten trikiti doinuak Egi bat Xiberuko dantza kantua eskainiz adi-adi eta gustura zegoen publikoari. Taldekako saioak amaitzeko, haurren abesbatzaren eta gazte bandaren saioak egin zituzten.
Horiek guztiak eginda, bukaera borobila eman zioten, aurrez taularen gainean izan ziren musikari eta abeslari guztiek elkarrekin kantatuz Lurra kantua eta eskolaren martxa.
Omenaldia Regino Valleri
Izan zen, omenaldietarako tartea ere. 30 urtetan musika eskolako zuzendaritza batzordean jardun duen Regino Valleri egindako lana eskertu gura izan zuten, kargua utzi berri duela-eta.