Eltziaren oinarriak jartzeko lehenengo saioa egin dute Oñatin

Irati Goitia 2014ko mai. 15a, 19:00

Hutsik dagoen Oñatiko Eteo eraikina zer izango den eta nola antolatuko den erabakitzeko, bateratze prozesuari ekin diote. Atzo egin zuten lehen bilera. Orain arte, hainbat bilera egin dituzte herriko eragileek bost eltzetan banatuta. Horietan batutakoa elkar-banatuko dute orain bateratze prozesuan.

Etorkizuneko proiektua definitzeko hurrengo urratsa eman du Eltziak, atzo egindako bileran. Bost eltze ezberdinen iritziak jasota, bateratzeko unea da orain. Horrela, Eteoko eraikinari emango zaion erabilera denen artean adosteko.

Eltze bakoitzak zer espazio beharko lukeen proposatu, eztabaidatu eta emandako iritziak jaso zituzten atzo eginiko bileran. Hurrengoa hilaren 28an egingo dute, 19:00etan. Horretan proiektua nola kudeatuko den eta nola funtzionatuko duen izango dute berbagai. Izan ere, bateratze prozesuan jasotakoak definituko du Eteo eraikinaren erabilera berria.

Behin bateratze prozesua amaitu ostean, proiektua idatziko dute eragile, alderdi politiko zein udal teknikariek eginiko ekarpenez. Ekain amaieran edo uztail hasieran egingo dute horren aurkezpen publikoa. Ate irekiak ere egingo dituzte.

Prozesuan parte-hartu duen Ilunpetan taldeko Ekain Muñoz pozik azaldu da euren hitza kontuan izan delako. Horretaz gain, azpimarratu du aniztasun askoko taldeetako kideek hartu dutela parte prozesuan, hala nola: herri mugimenduetako kideek, erretiratuek, musikariek eta haurrak zaintzen dituzten gurasoek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak