De la Iglesia entrenatzaile edo monitore lanetan ibili zen atzo beste bi laguntzailerekin batera; koordinazioa eta saskibaloi jokaldiak gaztetxoekin entseatzen. Azpimarratu zuen bezala baina, helburu nagusia neska-mutikoak lagun artean kirola egiten ondo pasatzea da, ez saskibaloi jokalariak batzea.
Kanpusera saskibaloi eskolako neska-mutikoez gain, 2000 eta 2005 urte bitartean jaiotako herriko gaztetxo guztiei zabalduta dagoela jakinarazi zuen. Begi bistakoa da azken urteotan Oñatiko neska mutikoen artean saskibaloiarekiko zaletasunak gora egin duela, eta horren errudun Natra EBA mailan jokatu izana da.
Beraz, kanpusa bide luze bateko beste harritxo bat da. Horrez gain baina, zapaturako saskibaloi eguna prestatu dute Foruen plazan. Bertan bi saski jarriko dituzte eta jolasak, hiruko txapelketa edo hiruko jaurtiketen txapelketa egiteko asmoa dute Aloña Mendikoek. Zapatu eguerdi eta arratsaldean egingo dute, eta saskibaloiaz gain, saiheski dastatzea egongo da. Egun osoan zehar, babesleek emandako hainbat opari banatuko dituzte joaten direnen artean.
Hori baina zapatuan izango da eta ordura arte, gaur eta bihar arratsaldeko 16:00ak eta 18:30ak artean, Zubikoako kantxa urdinean saskibaloiaz gozatzeko aukera paregabea izango dute Oñatiko neska-mutikoek.