Oñatiko Udal Gobernu Taldearen adierazpena, osorik:
"Antolamendu juridikoak euskara eta gaztelania jotzen ditu ofizialtzat EAEn zein Nafarroako zati handi batean.
Euskaraz aritzea ez da hautazkoa herri administrazioarentzat; aitzitik, legezko eskakizuna da eta administrazioaren jarduera bat ere ez dago salbuetsita, ezta kontratazioa ere.
Beraz, indarrean dagoen antolamendu juridikoari atxikitzeko eta gizartearen zein administrazioaren errealitatearekin koherente izateko, nahitaezkoa da ondasunak eta zerbitzuak eman eta hartzeko burutzen diren administrazio jardueretan euskaraz normaltasunez aritzea, baita administrazioaren kontratazio publikoaren alorrean ere.
Udal administrazioek ez dute oraindik euskaraz normaltasunez lan egiten, eta administrazio kontratuetan hizkuntza baldintzak zehaztu eta ezarri dituzte hainbat udalek, tartean Oñatikoak. Espainiako estatuak baina, bortizki erantzun du EAEn zein Nafarroan dituen ordezkarien errekerimendu eta helegiteen bitartez. Dozenaka herri salatu ditu epaitegietan eta tartean gurea. Euskararen ofizialtasuna praktikan jartzea oztopatu nahi du, normaltasunez aritzea zaildu. Eta eraso horrek euskaraz jarduteko hautua egin duten instituzio guztiei ez ezik, euskaldun guztioi ere eragiten digu. Gure eskubideen kontrako inposizio onartezina da.
Espainiera beti eta edonon erabil daitekeen bitartean, euskaraz lurralde, toki, eremu eta eginkizun mugatuetan besterik ezin erabil daiteke, ustezko legezkotasunez. Baina euskaraz bizitzen saiatzen garenean, bere morroiak bidaltzen ditu Espainiak, geure hizkuntza albo batera uztea exijituz eta horretarako mehatxatuz. Espainiako estatuak aparatu politiko, juridiko eta errepresibo oso bat du bere hizkuntza politika ezartzeko eta inposizioa legitimatzeko. Euskaldunok behar duguna Europako estatu-hizkuntzek elkarri aitortzen dizkieten berdintasuna, simetria eta tratu ekitatea da.
Euskaldunok elkarrekin egin behar dugu euskara berreskuratzeko bidea, eta horretarako, oñatiarrei deia luzatzen diegu denok batera aritu gaitezen euskara berreskuratzeko langintzan. Euskararen garapenaren aldeko benetako adostasun politikoa eta soziala behar dugu, euskararen garapen osoa ahalbideratuko diguna. Horretarako lehen aukera, hurbilena, GAUR (Apirilak 9) izango dugu udaletxearen aurrean, arratsaldeko 19etan burutuko den elkarretaratzean.
Geure burua gobernatzeko ahalmena aldarrikatzen dugu eta ez dugu inolako kanpo esku sartzerik onartzen. Hasitako bidea jarraituko dugu, euskaraz bizitzeko behar ditugun neurriak adostu, erabaki eta ezarriko ditugu aurrerantzean ere.
Gaur gure udaletxearen aurrean eta aurrerantzean euskararen alde behar den tokietan elkarrekin izango garelakoan".
OÑATIKO UDAL GOBERNU TALDEA