Kantua Kalean jaialdia egingo dute bihar herriko abesbatzek. Ganbara Txikiren bosgarren urteurrenean burutu zuten lehenengoz jaialdi hau. Aurtengoak orduko formatu bera izango du. Hau da, herriko haur eta helduen abesbatza guztiak kantuan arituko dira, kalean.
Badator zirkoa!
Hala ere, haur abesbatzak izango dira protagonista nagusienak. Ikastetxeak Kantariko taldeak, Musika Eskolako abesbatza, Ganbara Txikitxo eta Ganbara Txiki taldeak elkarrekin arituko dira. Zirkua ekarriko dute Oñatira eta hori iragartzeko eguerdian kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. 12:00etan, Etxaluzeko plazan hasita, musikaz eta kantuz beteriko kalejira egingo dute. Kalebarria, Atzeko kale, Kalegoiena eta Errementari Plaza zeharkatu ondoren, herriko plazan amaituko dute haurrek goizeko saioa.
Kalejira arratsaldean etorriko den ikuskizunaren aurrekari izango da. Izan ere, 16:30ean zirku bilakatuko dute gaztelekua. Denetarik izango da: lehoiak pailazoak, trapezistak... Ordubeteko emanaldia eskainiko dute talde guztiek elkarrekin.
Helduak ere kantuan
Haurren ikuskizuna amaitutakoan, helduen abesbatzak irtengo dira kalejiran –Ganbara Abesbatza, Oñati Abesbatza, Parrokiako abesbatzak eta jubilatuen abesbatza–. Kalejira 18:30ean hasiko da Etxaluzen eta bost geldialdi egingo dituzte: Etxaluzen bertan, Kalebarrian, Portu kaleko plazatxoan, Ona pareko plazatxoan eta herriko plazan. Geldialdietan, txandaka, abesbatzek ordu laurdeneko saioa eskainiko dute.
Txosna
Ganbara Txikik txosna jarriko du plazan. Eguerdiko eta arratsaldeko azken orduetan txistorra eta gazta salduko dute. Gaztelekuko ikuskizuna amaitu ostean, berriz, txokolatea edateko aukera egongo da. Ikuskizunerako sarrerak goizean txosnan erosteko aukera egongo da eta sarrera bakoitzarekin txokolatea edateko edalontzi bat banatuko da.