Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek antolatutako topaketa izango da Altsasukoa. Bertan, borroka praktiken inguruko formazio teoriko zein praktikoa jasotzeko aukera izango dela diote Ernaiko eta Aitzinako kideek. Desobedientzia, desnormalizazioa, komunikazio gerrila, sormena, kanpo proiekzioa eta taldeen mikropolitika izango dute ardatz topaketek.
Pasa den egubakoitzean, kale zaharreko plazatxoan eman zuten prentsaurrekoan topaketetara joatera animatu nahi izan zuten Oñatiko Ernaiko kideek: "Euskal Herriko eta Oñatiko gazteen burujabetasuna lortzeko helburuarekin egingo da apirileko ekitaldia". Bestelako ekintza eredu baten alde lan egiteko nahia azaldu dute, bestalde, Ernaiko gazteek.
Topaketetako sarrera bakoitza 20 eurotan eskuratu ahal izango da, eta hiru gosari, bi bazkari, lotarako lekua eta dutxatzeko aukera sartzen dira prezioaren barruan. Afaria zein edaria eskainiko duten txosnak ere egongo dira gunean. Oñatin egindako prentsaurrekoan, maiatzaren 3an, Bilbon, gazteen burujabetasunaren alde egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia ere zabaldu zuen Ekiñe Zurutuza Ernaiko kideak.