Sexologia aholkularitza zerbitzua martxan da Oñatin

Jon Moñux 2014ko mar. 10a, 16:54

Desirak enpresa ematen dihardu eta 12 urtetik gorakoentzat da, baita guraso eta irakasleentzat ere; aurrez aurrekoetarako, gaztelekuan daude egubakoitzetan, baina beste hainbat bide badira kontsultak egiteko.

Herrian sexologia aholkularitza zerbitzua jartzea erabaki du Oñatiko Udalak –Gazteria eta Berdintasun sailetatik–, eta martxoaren 7an jarri zuten martxan. 12 urtetik gorakoentzako doako zerbitzua da –adin mugarik gabe–, eta guraso eta irakasleek ere, adibidez, jo ahal dute bertara, seme-alaben edo ikasleren baten inguruan izan ditzaketen kezken berri ematera.

Lanerako esparrua da sexualitatea hitzaren adiera zabalenean. Zerbitzua ematen duen Desirak enpresako Nahia Rojok dio, gaur egun tresna eta bide asko ditugun arren, ez dela beti informazioa, informazio egokia: "Mezu asko daude, eta toki askotan: Interneten, telesailetan... Adibidez, La que se avecina da gazteentzat El libro gordo de Petete; eta, jakina, hor agertzen dena helduen begiekin ikusi behar da, eta jakin behar da dela parodia bat edo errealitatearen karikatura, eta arazoa da askotan gazteek ez dutela filtrorik".

Halakoen ondorioz estereotipoak sortzen direla dio Rojok: "Maitasun ereduen inguruan eta gorputz ereduen inguruan; nolakoa izan behar den neska bat mutil bati erakargarri izan dakion... Edo jarraitzen dugu pentsatzen mutilak defendatu behar duela neska, eta jeloskortasunaren bitartez erakusten dela maitasuna".

Aurrez aurreko zerbitzua gaztelekuan ematen dute –bulego batean–, egubakoitzetan, 17:30etik 19:30era; lagun taldeka ere egin ahal dira kontsultak, eta aholkularia aukeratu ahal da, gizonezkoa edo emakumezkoa. Bestalde, telefonoz (943716094), e-postaz (txantxiku.sexuaholkularitza@gmail.com), facebook bidez (Oñatiko sexu aholkularitza) eta twitter-ez (@Sexuaholkuak) ere galdetu ahal da.

Sare sozialak, baina, ez dituzte kontsultetarako bakarrik erabili nahi, baita dinamizaziorako ere: "Ikusteke dago, baina planteatuko genituzke galderak, eztabaidak sortu, edo artikuluak eta argazkiak igo; gustatuko litzaiguke zerbait interaktiboa izatea eta jendeak parta hartzea". Eta izan liteke tailerrak-eta egitea ere, "gazteriaren atentzioa deitzeko": "Tuppersex antzerakoren bat egingo dugu agian, edo tailerren bat ligatzearen inguruan; jendeak ezagut gaitzan".

Bestalde, preserbatiboak ere jarri dituzte bulegora doazenen eskura. "Helburua ez da jendea kondoi bila joan dadila", dena den, baizik eta gazteak erakartzea nahi dute, haiekin jarduteko, antisorgailuez edo beste gai batzuei buruz, Rojok dioenez.

Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta osasun zentroarekin elkarlanean jarduteko asmoa ere agertu dute: "Adibidez, emaginari galderaren bat egiten badio baten batek, hark izan dezake medikuntzaren ikuspegia, baina agian komeni zaio beste ikuspuntu bat; beraz, kontaktuan egongo ginateke". 

Desirak enpresa "sexologian eta berdintasun kontuetan adituak" diren pertsonek osatzen dute –Oñatitik kanporakoak dira–, eta formazioan aritzen dira: "Ematen ditugu sexu heziketa, genero ikastaroak eta aniztasun sexualaren inguruko ikastaroak Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan; eta ematen dugu formazioa irakasleentzat eta gurasoentzat ere". Eusko Jaurlaritzaren Berdindu izeneko zerbitzurako ere egiten dute lan.

Nahia Rojok argi uzten du berdintasuna eta sexologia "guztiz lotuta" daudela, eta berdintasuna "asko" bultzatzen dutela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak