Iaz Aretxabaletan bezala, aurten Oñatin hasi eta amaituko da Emakumeen Birako etapa bat. Ekainaren 12tik 15era jokatuko da UCIren maila gorenekoa den eta munduan sona handiena dutenen artean dagoen lasterketa, eta bigarrena izango da Oñatin amaituko den etapa.
Aretxabaletako Udalak bere garaian Mankomunitatean proposatu eta Emakumeen Bira bailarara ekartzea eskualde mailako erabakia da hein batean. Aurten Oñatik hartu du etapa antolatzeko ardura. Udaleko Kirol batzordearen ekimena izan da, baina Berdintasun sailetik ere oso begi onez ikusi dute. Honela, herriko emakume taldeek jardungo dute lasterketaren osagarri izango diren ekintzak antolatzen. Asmoa da hurrengo urtean ere bailarako herri batek antolatzea Emakumeen Birako etapa.
Ainhoa Martin Kirol zinegotziak eman dizkigu azalpenak.