Aloñak 2-1 irabazi du Zumaiakoren aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko apirilaren 3a

Aloñak ez du partidu ona egin. Baloi asko galdu dituzte, batez ere euren zelai erdian eta horrek eragin du aurkariak kontraerasoak egin eta gol aukerak izatea. 12. minutuan, zorigaiztoko jokaldi baten ondoren etxeko taldeak lehenengo gola jaso du. Julen Palaciosek bere atean sartu du baloia.

Aste bukaerako kirol albisteak:

Aitor Orueta entrenatzailea gustura zegoen jokalariek izandako jarrerarekin, ez ordea egindako jokoarekin. "Baloiak galdu ditugu galdu ezin diren tokian, gure zelaian", azaldu du partidu amaieran. "Aldageletan esan diet futbolean jokatzen dela baloiarekin, eta baloiaren jabetza ez baldin badugu jai daukagula", gaineratu du Oruetak.

Bigarren zatian indarberrituta atera dira etxeko jokalariak eta buelta eman die lehiari.

Zelai erdia indartu dute

Aldagelatik bueltan joko sistema aldatu egin du Aloñak. Erdian hiru jokalari jarri ditu Oruetak. Aldaketak eragina izan du jokoan. Hala, hurrengo 25 minutuak oso onak izan dira. Etxeko jokalariak ondo kokatu dira zelaian eta baloia ondo mugitu dute zelaiaren alde batetik bestera. Bi faktore horiek kontuan hartuta, lehia berdintzeko gauza dira oñatiarrak.

Etxekoen lehenengo gola Julen Palaciosek egin du; area kanpotik boleaz errematatu du baloia eta gol polita sartu du Palaciosek.

Behin gola jasota, baina, etxekoak lasaitu egin dira eta berriro ere lehenengo zatiko jokoa egiten hasi dira. Baloi asko galdu dituzte eta aurkariei konfiantza eman die kontraerasoak egiteko. Hala ere, zumaiarrak ez dira gauza izan gol aukera garbirik sortzeko.

88. minutuan bigarren gola

Aloñak kontraeraso baten sartu du bigarren gola; Anderrek pase bikaina egin dio Moiuari eta honek baloia sareetan sartu du. Hala, hiru puntuak eta lasaitasuna lortu dituzte oñatiarrek Azkoagainen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak