Eta Ametsa egia bihurtu da

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Igoa 2013ko abe. 16a, 06:47

Amets Arzallusen zaleak, pozik. (Argazkia: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea)
Amets Arzallus da 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Maialen Lujanbio izan du aurrez aurre buruz burukoan, eta saio gogoangarrian, Barakaldon elkartutako 13.500 lagunen bertso-gosea asetzea lortu dute.

Lau urteroko BEC-a, berriz ere beteta zain zuelako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Hitz jolasa tarteko, zortzi lan egiteko eta 13.508 prest gozatzeko.

Itxura horretan hasi zen atzoko jaia. Oholtza gainean Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriaga, azken hau hasieratik bere txapelketa bidea agurtzeko ideian.

Hasierako agurren ondotik, Joxe Agirre, Andoni Egaña, Unai Agirre eta Jon Maia aipatu ondoren 8ko nagusiari ekin zioten 8 bertsolariek. Zein baino zein finago, eta batez ere iparraldeko bikotea, taberna bateko barra amildegitzat zutelarik. 8ko txikiko ariketarekin entzun ziren lehenengo irriak Bizkaia Arenan, egunerokotasuneko gaiei ikuspuntu alaiago bat emanez, durangarrak talo saltzen jarri zituztenekoa kasu, edo Colina eta Mendiluze elkarrizketa batean elkar erantzunez zebiltzalarik. Puntuak erantzuterako orduan ere izan zuen distirarik saioak, Ametsek Mandelari abestean, Sarriegik hezkuntza sistemari edo Elortzak tartalariei.

"Intxaurrondoak astintzen"

Goizeko saioari amaiera kartzelako lanekin eman zieten bertsolariek, honakoa zen gaia: Egoerak beste aldean jarri zaitu. Denetik entzuteko aukera izan zen, ez baitzen gaia hartzeko biderik errepikatu; bi aipatzekotan, Maialenek doinu berrian maitale zuenari abestuak eta Ametsek Guardia Zibil baten paperetik botatakoak. Bigarren honek aurrerantzean gogoratuko den esamolde bat utzi zuen: "Intxaurrondo(ak) astintzen".

Arratsaldea molde txikiko eta umorezko agurrez hasi zuten zortziek –zetorren ariketara moldatzekotan ote?–. Gai sakonei ondo eutsi zieten denek 10eko txikian. Jarraian puntukako saioari ekin zioten, non lehengo lauek, Mendiluzek, Elortzak, Iturriagak eta Colinak publikoa irriz eta txaloz bete zuten, lan gogoangarriak izan zirelarik.

Buruz burukoaren aurretik, doinu eta neurri librean gai sakonei erantzuteko parada izan zuten denek, aztertzeko moduko lanak utziz: Sarriegik preso baten bikotearen paperetik, Elortzak gurasoarenetik, Beñatek adimen urritasuna daukatenak gogoan izanik, Iturriagak hil zuten aitaren semearenetik, Maialenek etxez etxe dabilen emakumearenetik...

Buruz burukoa

Orain lau urteko buruz burukoa errepikatu zen atzo, izenei dagokienez behintzat. Seiko motzean ospitaletik pasa berri diren bi pailazoren paperean jardun ondoren, 8ko txikian elkar zirikatzeko, eta Egaña zirikatzeko parada izan zuten norbere bikotearen paperetik. Jarraian kartzelara joan zen Lujanbio eta Ametsek ama izan zuen gogoan "altzoa" hitza gaitzat zuelarik, Maialenek ondorenean "helduntzako sehaskatzat" hartuko zuen berau.

Gaiari ostera, Arzallusek Sarrionandiaren paperetik heldu zion eta Maialenek etxera bueltan doan etorkinaren paperetik. Lehia parekatua izan zen oso, arratsaldekoa. Bukaeran, baina, Amets Arzallus izan zen txapeldun, egun osoko lan onaren sari.

Agurretan ere denetariko mezu eta keinuak izan ziren: ikastolak, euskara, Iturriagaren agurra, anai eta aiton amonak, bertso eskolak...Baina ez da txapeldunaren hitzekin agurtzea baino gauza hoberik; beraz:

"Zerutik begira daude / Joxe eta Manuel Mari / ziega zulotik entzuten / beste euskaldun ugari. / Musu bat Iparraldeko / bertso-eskolako haurrari / lagundu nauten guziak / Olatz eta arreba bi / baina ni ez bainaiz hemen / neuk sortu hutsean ari / aitarena den txapel hau / eskaintzen diot amari, / haurra nintzela euskaraz erakutsi zidanari!"

Iritziak

Miren Amuriza
Bertsolaria
"Giro paregabea egon da. Goizak astuna izateko arriskua zuen, Kartzelako gaia izan delako goiz osoan, baina, bertsolariek bidea ongi errotzen jakin dute eta eramangarria izan da. Ikusleok arratsaldea gozatu dugula uste dut. Amets eskailera bat gorago aritu da eta argi genuen nork eramango zuen txapela. Distiratsu ibili da, mundial. Amaiera oso hunkigarria izan da: malko bat edo beste isuri dugu".


Iñaki Olalde
Oñatiko bertso eskola
"Goizetik hasita gauera arteko saioak oso onak izan dira. Txapelaz eta epaimahaiaren erabakiaz ados nago. Garbi nuen nork irabaziko zuen goizekoa ikusita. Uste dut Amets hasi dela goizetik txapela irabazten eta bere lekuan mantendu dela azken momentura arte. Oso ondo ibili da, bertsoak zein baino zein hobea. Mendiluzeren arratsaldeko lana eta Kartzelako lana ere oso ona izan da. Gustura emaitzarekin".

Ane Zuazubiskar
Arrasateko bertso eskola
"Primeran pasatu dugu, izugarrizko giroa zegoen, bertsolariek eta zaleok bikain bete dugu gure papera. Bete-bete eginda zegoen BEC eta horrek animoak berotzeko balio izan digu denoi. 13.500 pertsonen aurrean kantatzen duen edozein bertsolarik merezi du txapela janztea. Amets Arzallusek eskuratu du puntu gehien, eta bat nator epaileekin".

Manex Agirre
Bertsolaria
"Egun luzea da eta bi hitzetan laburbiltzea oso zaila; hainbeste ordutan gauza asko pasatzen dira. Baina saio txarra edo erdipurdikoa izatearen aitzakiarik ez dauka.Maialenen goizeko kartzelakoa asko gustatu zait eta horrekin geratzen naiz. Ametsen goizeko ofizioren bat ere nabarmenduko nuke baina uste dut goizean eta arratsaldean dena egin duela ondo eta horrek eman diola txapela. Giroa ere, sekulakoa".

Beñat Zamalloa
Kazetaria
"Goiza nahiko gorabeheratsua izan da eta aurreko finalean gertatu zenaren alderantzizkoa eman da: Maialen Lujanbio goizean esnatu guran ibili da, eta Kartzelara arte ez da guztiz piztu. Hortik aurrera bikain. Amets Arzallusek, ostera, saio orekatua egin du eta nik uste dut merezitako txapela eraman duela etxera. Epaimahaiaren erabakiarekin guztiz ados"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak