Oholtza gainean zortzi protagonista: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriaga. Eta haien parean 13.508 belarri pare, adi-adi egunak eman duenari jarraiki.
Eta hasierako agurraren ondotik lanean ipini dira bertsolariak, 8ko handietan eta txikietan, esaterako. Hala aurreratu digu Igoak. "Puntuak erantzuterako orduan ere izan zuen distirarik saioak, Ametsek Mandelari abestean, Sarriegik hezkuntza sistemari edo Elortzak tartalariei."
Egoerak beste aldean jarri zaitu. Horixe izan da goizeko azken ariketaren, hau da, kartzelaren gaia. Ikus-entzuleen gogokoenak bi: "Maialenek doinu berrian maitale zuenari abestutakoa eta Ametsek Guardia Zibil baten paperetik botatakoak".
Umorez hasi dute arratsaldea, baina gai sakonei heldu diete segituan. Doinu eta neurri librean erantzun diete zortzi bertsolariek, dela preso baten bikotearen paperetik, edo adimen urritasuna daukatenak gogoan izanik.
Duela lau urtetako protagonista berberak izan ditu buruz burukoak, baina bestelako emaitza. Lujanbiok eta Arzallusek lan parekatua egin duten arren, azkenean, txapela Hendaiara joan da.