Amets Arzallus: "Gaiei buruz pentsatzeko, hobeto hausnartzeko, badut oraindik tartea"

Julen Iriondo 2013ko abe. 20a, 12:55
Amets Arzallus, Euskal Herriko txapela buruan, agurra kantatzen.
Euskal Herriko txapeldun izanda ere, umil dio hendaiarrak beste bertsolari denengandik badagoela "zer ikasia". Jator erantzun ditu Goienaren galderak; berari buruz jardun dugu, baina baita bere final-lagunek aurreko domekan BECen egindakoaren gainean ere. "Irekidura keinu" definitzen du bestearen mina onartzearen alde Aitor Sarriegik kartzelako ariketan egindako aldarria.

Elkarrizketatik elkarrizketara, finalaren biharamunean bakarrik "hamazazpi"; "poztu" duenik ere bai –Radio Euskadin eta Onda Vascan euskaraz eginak, berak jarritako baldintzari baiezkoa emanda–. Zorion mezuak "mordo bat", "hiruzpalau hizkuntzatan" batzuk: "Ez dut tarterik hartu, baina bakoitzari eskerrak emateko detailea nahiko nuke izan". Gurea martitzenean jaso zuen Amets Arzallusek (Hendaia, 1983), galderok erantzuten hasterako.

Harritu zaituen deiren bat, hedabideren batetik edo?

Ez, momentuz ez. Harritu edo poztu nauten pare bat detaile bai, dena dela; nik antolakuntzakoekin adostu nuen dena. Adibidez, Radio Euskadi eta Onda Vascatik elkarrizketa eskaera bat zegoen, eta nik baldintza bakarra jarri nuen: adierazpen guztiak euskaraz egingo nituela; elkarrizketa nahi bazuten prest nengoela, baina euskaraz egingo nuela, eta beraiek erabakitzeko. Poztu naiz, ze bietan onartu dute eta aski tarte luzea egin dute, eta euskara hutsean aritu gara behintzat.

Espero ez zenuen edo zorion mezu bereziren bat jaso duzu egun hauetan?

Begira, jaso ditut mordo bat, eta asko gainera zeinenak ere ez dakizkidanak. Mugikorrera iritsi zaizkit eta oraindik mordo bat dauzkat erantzuteko. Ez dut tarterik hartu, baina bakoitzari eskerrak emateko detailea nahiko nuke izan. Hainbeste izan dira, era guztietakoak eta hiruzpalau hizkuntzatan ere iritsi zaizkidanak batzuk. Gauza ederra da; lana egin eta norbera gustura geratzea gauza polita da, baina jendearen eskerra eta maitasuna jasotzea...

Egindako saioaren berrirakurketarik edo egiteko modurik izan duzu, edo oraindik eguneko sentsazioarekin zaude?

Oraindik asko nago eguneko sentsazioarekin, eta, gainera, apenas berriz entzun gabe. Orduan, gertatzen da eguneko sentsazio hori daukadala, eta gero atzo kazetariei erantzuterakoan eguneko sentsazioen gaineko irakurketa ari naiz eten gabe errepikatzen, eta horrek are gehiago atzeratzen dit egunaren irakurketa berria. Dena den, atzo gurasoen etxean ginen eta momentu batean izan nuen tarte bat telebistan finala luze ez baina saioaren zati bat ikusteko eta, naiz eta ez naizen neure burua berriz entzun zalea, entzun nuen pixka bat, han entzun gabeko zatiak ere bai, kartzelakoak eta entzun nituen eta egia da beste begi-belarri batzuetatik entzuten dela gero distantziara, baina oraindik ni, hizketan ari naizela, oso neure momentuko irakurketaren gainean ari naiz.

 

Finala

Beno, finalari dagokionez, eta orokorrean, saio bikaina joan zen. 13.500 lagunen aurrean, horrelako zita berezian, lau urtean zain egon eta gero, normalena ematen duenean pixka bat kikiltzea edo urduri jartzea, zuek onena emateko gai zarete eta onena ematen duzue justu egun horretan, eman behar den egunean.

Bai, edo gure onenetik ale batzuk botatzea lortzen dugu. Egun osoko ariketa da, ariketa luzea, eta hor gabiltzanok bertsoaren inguruan denbora pixka bat pasatakoak gara eta burua pixka bat nekatutakoak eta landutakoak; eta, orduan, azkenean, zazpi ordutan zehar, han edo hemen, nonbait, ateratzen da onena. Hori beti gertatzen da, gutxi gorabehera; beste gauza bat da ale on horiek sarri xamar entzutea, eta hori, lehengoan, goizean zehar gure artean ere komentatzen genuen kartzelan eta bazkaritan-eta... Zaila izaten da guk hala aitortzea, beti autokritikoagoak eta zorrotz xamarrak izan ohi garelako geure buruarekin, baina bazkaritan saioaren irakurketa hain positiborik sekula ez dut sumatu gure artean, eta igandean hori bazegoen. Jendeak berak ere estutzen du, hainbeste jendek eta hainbeste fokuk eta... Egunaren beraren dimentsioaren kontzientzia bat badaukazu, nahiz eta zuk horren kontra zure patxadarik onena bilatu, baina estutze horrek batzutan lagundu ere egiten du, eta nahiz eta liberatzea kosta, ale onak handik ere ateratzen dira; eta, nik uste, igandean, den-denek agian ez, baina nahikotxok geure eguna izan genuela momentu batzuetan, eta hortik atera zen, behar bada, saioaren maila.

Koiunturak, momentuak, eguneko gorputzaldiak eragin du zuk txapela irabaztea, edo lau urteotan zerbait aldatu da zugan, bertsokera edo, zuk beste koskatxo hori egiteko gora?

Denak bat egin behar du. Lau urte denbora tarte pixka bat bada; lau urtean badago eboluziorako espazio pixka bat, eta ni saiatu naiz nire burua lantzen, eta ez ongi iristeko honako edo harako zitara; gustatzen zait egiten dudana, eta lanketa horretan lanean pasatzen dudan denbora plazer orduak izaten dira niretzat gehienak. Eta saiatzen naiz nire buruari bilatzen ahots hori ahalik eta finena izan dadin, eta ahalik eta sakonen bila ditzadan nire bertsoak, eta erregistro zabalena izan dezadan, umorerako, edo sentimendurako; eta gustatzen zaizkidan bideetan aztarrika ibiltzen naiz. Lau urtetan, gainera, adin tarte batean sartzen zara eta neuk nabaritu dut beste patxada bat eta neu hobeto sentitzen nintzela lehenago baino. Gero oso posible da egunean gorputzaldiak gehiegi ez laguntzea eta zeuk zure bertsokeran erregistro batzuk aberatsago eramanda ere ustez, egun horretan ez azaltzea hori. Baina nire kasuan, uste dut, biek, gutxi gorabehera, bat egin zutela, eta handik atera zitzaidan, bereziki, goizeko saioa. Egia esan, ni oso gustura geratu nintzen saioarekin, eta, horrela, pasa dituzun ordu horiek guztiak eskertuta sentitzen dituzu zeuk zeure barruan, pertsonalki.

 

Amets-Maialen, Maialen-Amets

Lagun artean komentatzen genuen, nolabait sinplifikatuz, Maialenek poesia egiten duela bertsotan, eta zuk hitz egiten duzula agian gehiago.

Bai, izan liteke. Gero, norbera ere saiatzen da tokatzen denean poesia egiten eta ahalik eta ondoen egiten. Baina Maialenek poesia nola egiten duen eta bilatzen duen bertsoa, egia esan... Nondik ekartzen duen eta gai bakoitzari heltzeko bilatzen dizkion ertzak, niretzat, izugarriak dira. Baina hori izanda ere, nahi bada, bere bertute bat, Maialenek ere bertso jario oso fluidoa du, eta ez da erraza hark bertsotan egiten duena baino egokiago hitz egiten ere. Uste dut denek badugula pixka bat denetik eta saiatzen garela putzu horietan guztietan zipriztintzen. Nik esango nuke Maialenengan nabarmentzen dela gaiari heltzeko ze esku finak erakusten dituen; eta handik gero, hori hitzetan jartzean, oso modu poetikoan azaltzen du; ni, txiki-txikitatik, bertso eskolara eraman ninduen aitak, eta bertsoaren tradizioa oso umetan edan nuen, ia neu ohartu ere egin gabe; eta handik dator, agian, –zuk esan duzu hitz egitea– bertsokera fluido samar bat, edo erraz etortzea bertsoa. Baina saiatzen naiz neu, kontraesankorra dirudi baina, batzutan, erraz datorren hori zailago bilatzen eta ez hain errazetik botatzen, eta gaiari edo bertsoari berari ekartzen beste zerbait, utziz gero datorren ahots horri joaten ekarriko ez lukeena, behar bada. Bakoitzak bere moldea du, baina saiatzen gara besteengandik ikasten, eta denok elkar kutsatzen dugu pixka bat.

Ze bidetan sakondu dezake oraindik Amets Arzallusek?

Esan duzu hizketan bezalatsu egiten dudala bertsotan, baina beti dago hobetoxeago egitea. Adibidez, hartu umorearen erregistroa eta ikusi ze distira ateratzen dion Unaik batzutan, edo Igorrek duen elegantzia. Ikusten dituzu ondoko bertsolariak eta ikusten duzu badagoela denengandik zer ikasia; eta, gero, gehien gustatzen zaizkizun edo gehien kilimatzen zaituzten horietan pasatzen duzu lanketa denbora. Nik uste dut, bereziki, gaiei buruz pentsatzeko –inguratzen gaituzten gaiak, ez gai politikoak bakarrik, baita ere sozialak, bizitzak eskaintzen dizkigun gaiak, hemengoak eta mundu zabalekoak, gero azkenean bertso-gai bihurtzen zaizkigunak–, horietaz ongi hausnartzeko badagoela oraindik tartea, gero bertsotan ateratzerakoan pixka bat mamituago edukitzearren kantatzen dudan hori. Nik uste hor beharko nukeela pixka bat, nahiz eta ahalegintzen naizen orain ere, gai bakoitzari merezi duen hausnarketa denbora eskaintzea. Gero hari buruz kantatu behar denean jakiteko behintzat neure burua non kokatua dagoen; hor, uste dut, badudala non hobetua. Eta, gero, forma aldetik ere, bertsoak beti dauzka ertzak fintzeko eta zorrozteko puntak; egia esan, bukatzen ez den bide bat da eta ni saiatuko naiz ahalik eta urrunen eramaten.

Aimarren eta Irujoren arteko finala izan zen bezperan, klasikoa pilotan. Maialen eta zure artekoa ez dakit klasiko bihurtzeko arriskurik ikusten duzun, klasikoa komatxoekin edo komatxorik gabe, zuk nahi duzun moduan.

Ez dakit. Bi aldiz gertatu da, eta orain dela lau urte niretzako izugarrizko bihozkada izan zen Maialenekin bukaera hartan joatea, eta aurten ere... Maialenen ondoan ni beti ondo sentitu izan naiz, ez bakarrik txapelketan; plazan, elkarrekin egon garen guztietan, egia esan. Lagun ona da kanturako, eguna pasatzeko... Asko ikasi dut nik Maialenekin, eta ez dakit hori klasiko bihurtuko den edo ez. Nik uste dut beste bertsolari batzuk han jiran zeudenak eta finalean ez zeuden batzuek ere badutela buruz burukora iristeko maila, egunak nola laguntzen dien; orain, gertatu zaigu azkenekoan eta oraingoan guk biok pasatzea eta, egia esan, niretzat izugarrizko ohorea da Maialenekin hor egotea bukaerara arte, eta berriz gertatuko balitz beste hainbesteko poza hartuko nuke. Gero, esan dizudana, gehiago ere badira bertsolariak eta arrisku hori beste batzuek puskatzeko arriskua ere beti gustatzen da.

Nik, pertsonalki, ia Maialen bezain txapeldun sentitu zaitut zu. Ez dakit zure rola asko aldatuko ote den, zentzu horretan, behin egun hauek pasatzen direnean.

Ez dakit. Neuk ere ikusi egin beharko dut gauzak nola datozen eta ze sentimendu dudan. Baina nik badakidana da, azken lau urteotan, lehenagotik ere bai baina azken lau urteotan bereziki, noan leku bakoitzean saiatzen naizela nire aurpegirik onena erakusten eta koska bat igotzen edo ahalik eta zorrotzena eta ahal dudan onena izaten. Nahikoa autokritikoa izaten naiz gero bueltan. Eta aurrerantzean ere saiatuko naiz ertz batzuk edo fintzen, baina nik orain arte egin dudan plaza-ahalegin berdinean jarraituko dut orain.

Gomendiorik eman al dizu Maialenek?

Ez. Egia esan ez dugu tarte handirik izan egoteko. Han bertan, prentsaurrekoa bukatu eta gero, egon ginen nahikoa luze, baina egunaren irakurketan eta gure arteko elkarrizketan ibili ginen, gehiegi aurrera begiratu gabe oraindik, eta gero bakoitza bere afaritara joan ginen. Orain, hau dena digeritu eta pixka bat lasaitzen garenean, uste dut izango dudala harekin hitz egiteko tartea, eta nahiko nuke hitz egin, gainera, berak nola eraman duen pixka bat eta... Maialen beti eredu izan dut, ez bakarrik bertsotan, gai bakoitzari begiratzeko duen moduan, eta interesatzen zait Maialenek esaten duena.

 

Denak pozik, eta Iparraldean, nola ez

Nola esplikatu oholtzan zeuden guztiak poztea besteak irabazteaz ez dakit baina besteak irabaztean bai behintzat? Iruditzen zait eskola ona dela bertsoarena, haurrentzat adibidez, bertsoagatik bai, baina baita transmititzen dituzuen balioengatik ere.

Ni talde-kirolean ibilia naiz ume-umetatik, eta aldagelan askotan egona; eta beti pentsatu izan dut kirol kolektiboa balore humano batzuen eskola izugarria dela; gainera, izerditan eta sufrimendu puntu horretan lortzen den elkartasuna bizitza guztirako geratzen da. Baina kirolean hori gertatzen da beste norbaiten kontrako jardun kolektibo elkartu batean, eta, aldiz, bertsotan, itxuraz elkarren arteko lehiakide garenon artean sentitzen dut kirol kolektibo batean talde baten barruan egon daitezkeen elkartasun hari horiek baino are trinkoagoko sentimendu bat. Gu, dudarik gabe, lehiara benetan joaten gara, bakoitza geure onena ematera, lehia hori bakoitzak bere gisara interpretatuta; eta aurkezten gara joko horretara, baina, aldi berean, bertsoa bera beste lur baten gainean bizi da. Bertsoa bizi da hizkuntza baten, herri baten eta inguratzen dituen gai minbera askoren lurrean, eta hori da, uste dut, denon buruetan dagoena, eta horretarako bide bat ere bada bertsoa, eta sentimendu horien transmisioa. Eta hor denok oso konplize sentitzen gara elkarren, eta, hor agertzen den joko eta lehia horren gainetik, bertsoaren arima beti izan da kooperatiboa eta jolas dialektiko horretan talde-lanean egin beharreko zerbait. Eta uste dut, aldi berean, lehiaren parodia bat ere egiten dugula, gaur egun munduak hain balio konpetitibo eta agresiboak eskaintzen dituenean interesgarria izan daitekeena; eta bere funtzio pedagogikoa izan dezake, askotan munduak kontra-eskola erakusten duelako.

Txapela Iparraldera lehenengoz. Ondo etorriko zaie txapela Iparraldeko euskarari eta bertsoari.

Ez diot txapelari inongo mugarik ikusten, lehen ez nuen ikusten eta orain ere ez alde batera eroria dagoen txapela denik. Baina beno, badago herri batean, eta herri horretan egoera aski berezia da hizkuntzarena, ikastolarena, nahiz eta bertso eskolaren tradizioa Hendaian luzeagoa den; zabalago hartu, eta Iparraldean badago eguneroko lan hil ala biziko bat gure hizkuntzaren eta nortasunaren biziraupena bermatzeko egin behar dena eta egiten ari garena, eta, begira, txapelak horretan auspo bat ematen laguntzen baldin badu, nik gustura uzten dut dagoen lekuan. Eta bertso eskoletan Iparraldean azken urteetan lana uste dut egoki asko egiten ari direla, eta bertso eskolak gero eta gehiago zabaltzen ari dira eta gero eta haur gehiago datoz bertso eskoletara, eta bizi dut itxaropenaren garai bat bezala. Baina hori eten gabe goldatu behar den baratza bat da eta uste dut oso garrantzitsuak direla herrian herriko bertso eskola horiek, bertso eskoletan nolabait uste dudalako egosten direla gure hizkuntzaren etorkizuneko kontzientzia eta kalitatea; bertso eskolak horren baratza bezala dira, eta uste dut hor eguneroko lana egin behar dela eta lur hori ureztatzeko edo apur bat ongarritzeko txapelaren argitxoak balio badu, ba pozten naiz benetan.

 

Elkarbizitza

Aitor Sarriegiren bi bertsoaldiri ere heldu nahi nieke: berak hil zuenaren alargunari eskua emanda, ETAko preso ohiaren azalean jarrita bestearen mina onartzearen aldeko aldarria egin zuenekoa – berak hautatuta gainera kartzelan bide hori– eta alabarekin bikotekidea bisitatzera espetxera zihoanarena. Esango nuke, biak barrutik kantatuak eta publikoarengana iritsi zirenak eta publikoak eskertu zituenak. Ze irakurketa eragiten dizu?

Kartzelakoan ni eta gero Igor etorri zen eta gero Aitor; eta, orduan, ongi entzun nion. Eta bukatu orduko esan nion estimatzen niola pila bat egin zuena. Ze ez zen leku errazean sartu. Eta gainera sentitu nuen jendeak ere estimu hori eman egin ziola. Bagaude garai berezi batean Euskal Herrian, blokeatu xamar ikusten den bake aro batean eta aurrera egin ezinean. Eta hor badaude mugimendutxo batzuk gaur egunean, lehen gertatzen ez ziren egoera batzuk. Oroimenaren gaia, iraganaren irakurketa eta, bereziki, biktimak eta elkarbizitzaren gaia hor daude. Oso perbertituta dagoen gaia ere badela uste dut; badakigu biktimismoaren inguruan erabilera handia egin dela. Oso gogorra egiten zait horrela esatea, baina horrela ikusten dut: minaren negozio politiko bat ere sortu da biktimen inguruan. Baina badago beste alde bat, uste dut, elkarbizitza lan zintzoagoan ari dena, eta geuk ere horri pixka bat eskua nola luzatu pentsatu eta zintzotasun osoz aurre egin behar diogu gai horri. Eta Sarriegik, uste dut perspektiba horretatik heldu ziola eta oso interesgarri iruditu zitzaidan, eta zinez estimatu nion. Eta, adibidez, gero Igorrekin eta aipatu genuen: nik kartzelako gaiari pertsonaia gogor baten paperetik heldu nion eta torturaren gaia atera nuen; Igorrek, berriz, oposiziotik agintera iristen denaren eta politikaren eguneroko lokatz-arte horren gaia atera zuen; eta Sarriegik, berriz, iraganaren edo memoriaren gai horretan elkarbizitzarena, eta uste dut irekidura keinu bat egin zuela, eta saioaren zati horretan joan zen euskal politikagintzaren aktualitatearen inguruko espektroa zabala izan zela eta interesgarria, eta, alde horretatik, finalak berak ahots desberdinak eskaini zituela eta interesgarria izan zela. Eta Sarriegirena, esaten dizut, eseri orduko esan nion pila bat estimatzen niola egin zuena.

Halakoek lagunduko dute, agian, etorkizunera begira, plazetan, gaiak planteatzerako orduan edo kantatzerako orduan, horrelakoak ere kanta daitezen. Agian izango da horrelakorik kantatuko lukeenik baina kosta izan zaionik.

Ez dakit. Nik uste dut bakoitzak barruan duen hori ateratzeko ausardia eskatzen duela bertsoak, eta, gainera, bertsotan badela lizentzia bat batzutan hitzez esatea kostatzen zaigun gauzak kantuz plazaratzeko eta behar dela ausardia guztia bakoitzak sentitzen duen ertzetik gai bakoitzera heltzeko. Dena dela, esango nuke plazetan era guztietako gaiak tratatzen direla askotan, baina Sarriegik foku horren azpian egin zuenak baten bati laguntzen badio bere barrutik errazago ateratzen, ba hobe, ze uste dut barruan dagoena atera egin behar dela.

Ez al duzu uste bertsoa are jende gehiagorengana irits dadin lagundu dezaketela halakoek?

Ez dakit. Sentitzen dut bertsoaren jiran jende bat oso bertso zaletasun trinkoa duena. Bertso zaletasun trinkoena, naturalki, euskaltzaletasunaren lurretik sortzen da. Euskaltzaletasunaren lur horren barruan kolore bat baino gehiago badira politikoak, eta egia da, agian, antolakuntza gaitasuna eta bertsoarekiko hurbiltasuna kolore politiko jakin batzuek gehiago erakutsi izan dutela eta horren jiran ibili izan dela gehiago bertsoa, baina denera beti zabalik egon da. Eta gaur egun batzuk pixka bat gehiago hurbiltzeko balio badu, begira... Baina hurbildu ez baldin badira orain arte arrazoi konkretu horregatik, nik uste dut oso erreala ez den mito bat ere bazutela beren baitan. Azkenean, bertsolariak berak sentitzen duena kantatu behar du, eta bertsolariak presoen gaia abordatzen badu, hori barruan sentitzen duelako eta errealitate gordin hori hor dagoelako da. Eta norbaitek horiek entzun eta zerbait sentitzen badu, behar bada berak dauka arazotxo bat errealitatearen aurrean. Nik uste dut onartu behar zaiola bertsolariari ematen duen ahotsa, eta denek ez dute berdina ematen, eta aniztasun hori badago. Beraz, bertsolaritzaren inguruko mito hori ez da guztiz egia; baina orain hurbiltzen bada bestelako jende bat, estimatuko da. Bertsolaritzak denon arteko elkarbizitzarako lanketa bat egiten du, baina bakoitzak bere iritzitik kantatu behar du, gordina izan edo zorrotza; eta denok izan behar dugu entzuteko onarkor.

Zuek esaten duzuenak eragina eta pisua du. Eredu edo iritzi sortzaile izan zaitezkete.

Nik nahi dut inguratzen gaituzten gaiak ongi hausnartuta eramatea plazara, gero handik kantatu behar dudalako. Batzutan norbaiti kilima edo harramazka egiten badio... Bertso jardunak badu funtzio kritikotxo bat ere, eta, agian, identifikatzen garen horrekin ere zirikatzaile jokatu behar dugu. Funtzio kritiko hori bete behar du bertsolariak eta bidezidorretatik joan pixka bat. Horrek badu eragintxoa; batez ere finaleko egun batean, hain dago bolumen handian kantatzen duzun hitz bakoitza eta hainbeste iristen da... Egia esan ez zara kontzienteegi momentu horretan eragin hortaz, eta kontziente bazina, behar bada, amildegi baten oso ondoan zabiltzala sentituko zenuke; bertsoak beti badu erortzeko arriskua, esan nahi duzunaren eta bertsoak behartzen zaituenaren arteko borroka bat da, eta beti ez zara esan nahi duzun horretara iristen, eta arrisku horren aurrean eta hainbesteko eragina ikusita, beldurtu ere egin zaitezke. Eragin hori baduela bai; kontziente garela, nolabait, bai; baina gu geure oso barnean gabiltza, bestela bertigo handiegia litzateke kantatzeko agian.

Eta ez dakit Unairi egokitu zitzaion gaia ikusita –atentatuan hil zioten aitaren omenaldian sentsibilitate denetako ordezkari politikoak batu zirela zioena–, adibidez, Bertsozale Elkarteak erakusten duen, nolabait, eta bere neurrian, baduela, Euskal Herrian bizi dugun egoeran, eragile denaren kontzientzia edo horretarako asmoa.

Ez dut uste Bertsozale Elkarteak hartzen duenik funtzio bat tratatu genitzakeen gaiak gizartera zabaltzeko eta pixka bat bidea goxatzeko. Guk bertsotan egiten dugu, eta bertsotan egiten dugu gaien inguruan. Eta gaiak sortzen dira bizi garen gizartetik eta eguneroko aktualitate eta bizitzaren jiratik. Gai guztiak ukitzeko beldurrik ez edukitzea uste dut Bertsozale Elkartearen aldetik irizpide egokia dela; bere burua hortik haratago agentetzat kokatzea... Ez dut uste funtzio hori hartzen duenik. Baina gai guztiak ikararik gabe ateratzeko indarra, gutxi edo gehiago egongo zen garai desberdinetan, baina nik uste dut Bertsozale Elkarteak baduela ausardia hori.

Erlazionatuak

Xabi Igoa BECeko finalari buruz

Julen Iriondo 2013 abe 16 Debagoiena

Amets Arzallusen agurra

Jon Berezibar 2013 abe 15 Debagoiena

Xabi Igoaren kontakizuna ARRASATE IRRATIAn

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013 abe 16 Aramaio   Arrasate

Amets Arzallus txapeldun

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013 abe 15 Kultura

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak