ALBISTEAK

'La trinchera infinita'-k zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak lortu ditu

Dudarik gabe, La trinchera infinita-ren gaua izan da. Epaimahai ofizialaren bi sari lortzeaz gain Irizar eta Fipresci sariak ere lortu ditu. "Eskerrik asko ingurukoei, beti gertu egoteagatik", esan du Aitor Arregik. Gaueko beste irabazlea Pacificado film brasildarra izan da, Urrezko maskorraz gain, aktore onenaren saria lortu baititu. Debagoienaren palmaresa borobiltzeko Iban del Campok Irizar sariaren epaimahaiaren aipamen berezia lortu du.

Faborito argirik gabe iritsi da Zinemaldia azken egunera. Egia da La trinchera infinita kazetarion kiniela ia guztietan zegoela, baina Neil Jordanen ibilbidea ezagututa inor ez zen hori ozen esatera ausartzen. Sariei erreparatuz gero, Pacificado da irabazlea, baina La trinchera infinita lanak historia egiteaz gain, kazetari, kritikari eta epaimahaia bereganatu dituela argi geratu da.

Paxton Winters zuzendari estatubatuarraren Pacificado / Pacified film brasildarrak eskuratu du Donostia Zinemaldiko 67. edizioko film onenaren Urrezko Maskorra. Darren Aronofsky, Paula Linhares, Marcos Tellecheak, Lisa Muskat eta Winters bera izan dira Brasilgo faveletan kokatutako pelikula honen ekoizleak. Lehiaketaren sari nagusia eskuratzeaz gain, beste bi lortu ditu Pacificado-k: Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Bukassa Kabengele-k eta Argazki onenaren saria Laura Merians-ek.

Bi film hauez gain, gera zaitezte Greta Fernandez aktorearen izenarekin, datozen hilabeteetan askotan entzungo baitugu.

Palmares ofiziala

  • Film onenaren Urrezko Maskorra: Pacificado
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Proxima
  • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, La trinchera infinita.
  • Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Ex aequo Greta Fernadez (La hija de un ladrón) eta Nina Hoss (Das Vorspiel/The Audition).
  • Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Bukassa Kabengele, Pacificado.
  • Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Laura Merians, Pacificado.
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: Jose Mari Goenaga eta Luiso Berdejo, La trinchera infinita.

Gainontzeko paraleoak

Palmares ofizialaz gain, beste sari batzuk ere banatu dituzte Kursaalean, eta hauetan ere Debagoienak bere tokitxoa izan du.

  • Irizar saria: La trinchera infinita.
  • Aipamen berezia: Iban del Campo (Glittering Misfits).

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI) La trinchera infinita izendatu dute zinemaldiko film onena. Horrez gain, kazetariok Zinemaldiaren baitan ematen dugun Feroz saria ere Moriartikoendako izan da.

Zinemalditik

Bederatzi egun pasa dira maleta egin eta Donostiara etorri nintzenetik. Donostiara zinemaz gozatzera, talentuaz disfrutatzera, arteaz liluratzera... Urtero Zinemaldiak lagunekin ostera egoteko aukera emateaz gain, hainbat sortzailek egindako lanaz gozatzeko aukera ematen dit, eta nolako aukera!

Dudarik gabe aurtengo berezia izango da eta 67. hau ahaztea ez da erraza izango. Moriartitarrak oso gertuko sentitu ditut beti, eta euren talentua nola hazi den ikustea pribilegioa izan da niretzat. Lehiaketara iritsi ziren lehen aldian loreak baino ez zituzten jaso, bigarren filmarekin lortutakoa handia izan zen eta La trinchera infinitarekin langa igo dute. Gertuko talentua ikusgarri egin dute, txikiei amets egiteko aukera emanez.

Badakit aste eta piko honetan beste lan bikain batzuk ere ikusi ditudala, baina aurtengo tatuajea Moriartiren 'M'-a hizki larriz idatzia darama.

Eskerrik asko Zinemaldia GOIENAren eskutik jarraitzea aukeratu duzuen guztiei.

Eskerrik asko, beste urte batez, zuen begi eta belarri izateko pribilegioa eman didazuenei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak