HEMEN DEBAGOIENA

Agur? Ongi etorri, Etxebeste!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2019ko ira. 24a, 02:35

Euskal zinemaren eguna da Zinemaldian. Eguna ospatzeko, Victoria Eugenia antzokian egin den galan, José María Lara Txepe ekoizleari Zinemira saria emateaz gain,  Agur Etxebeste! filma ere estreinatu da. Handikeria, ustelkeria, maitasuna… Berriz ere, egunerokotasunean aurkitu dute zuzendariok publikoa barrez lehertzeko formula.

Dudarik gabe Aupa Etxebeste! filmaren arrakastak mugarria ezarri zuen euskal zinemaren historian, eta ia konturatu gabe, hamalau urte igaro dira euskal zinemazaleek etxebestetarrak ezagutu zituztenetik. Urte hauetan lehen filmaren zuzendariak beste proiektu batzuetan murgilduta ibili dira "Aupa Etxebeste! pelikulak izandako arrakastaren ostean, film berri bat egiteko proposamen batzuk izan genituen, baina beste proiektu batzuk genituen esku artean", azaldu du Asier Altuna zuzendariak.

Ardo onarekin gertatzen den bezala, denborak hobetu egin du, bai filma nahiz zuzendariek lan egiteko duten era: "Bigarren honetan libreago sentitu gara", azpimarratu du Telmo Esnalek. Askatasun horrek, eta lehen zatiak izandako arrakastak emandako hegalek, film landuago bat egitera eroan ditu.

Gizartea ispilu

Herria ez da apenas aldatu, pertsonaiak bere horretan jarraitzen dute, Etxebestetarrak bueltan dira euren komeriekin barreak eragiteko prest. Aupa Etxebeste! gustuko izan zuten horiek, bigarren zati honekin hobeto pasako dute. Komedia bat da bai, baina irribarrerako ez ezik, hausnarketarako eszenak ez dira gutxi. Eguneroko gaiek hauspotzen dute kontakizuna, ustelkeria, itxurakeriak, inbidiak, udaletako tramite amaigabe eta zentzugabeak... Eta horren guztiaren gainetik Etxebestetarrek berezkoa duten xelebrekeria.

Gehienetan bigarren zatiek ez dute lehena hobetzen, kasu honetan ez da horrela, ia hamabost urte hauetan teknikak nabarmen egin du gora. Horrez gain, lehen zatiak zuen freskotasun eta grazia bigarren honetan ere ageri dira.

Filma ikusi eta gero hirugarren zati bat eskatzen dutenentzat, zera esan du Bergarako zuzendariak: "Ez dut ezetz esango, baina, oraingoz, beste gauza batzuk dauzkagu". Hirugarren atala egino den jakin aurretik, bigarrena gozatzeko aukera egubakoitzetik aurrera izango duzue.

Zinemira saria

"Egin dudan lanaz harro nago", hitz hauekin laburbildu du Txepe Larak azken 30 urteotan egindako ibilbide profesionala. Euskal Zinemaren Galan lagunek, ekoizleek, aktoreek... babestu dute Lara eta jendearen txaloek hainbat unetan eten dute bere hitzaldia. Nafarrak diskurtso serio baten alde egin du eta hainbat aldarrikapen ere egin ditu. 

Gala amaitzean, ekoizlea pozik zegoen, saria baino gehiago bere lankideen babesa eta maitasuna lortu dituelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak