Angiolillo liburutegia, Bergarako Kartzela Zaharrean kokatuta dagoen liburutegia da. 2009ko maiatzean jaio zen eta ordutik ia hilabetero liburu aurkezpenak, hitzaldiak etab. egin ditugu.
Liburutegia, 1897ko abuztuaren 8tik 20ra Michele Angiolillok bere azken egunak pasa zituen zeldan kokatua dago. Sufrimendu eta isolamendu izan zen gunea, sormena landu eta gazteon eta ez hain gazteon kultura aberasteko espazioa bilakatu da; filosofia, ekologia, biografiak, soziologia, pedagogia, fanzinak, Galeano, Sarrionaindia, Shakespeare, Dostoievski, Bakunin, Lenin, Fo,... gisako eta bestelako pentsalari eta idazleen poesia, narrazio eta ipuinen bidez, zelda iluna argiz bete dugu.
NOR ZEN ANGIOLILLO?
Michele Angiolillo Lombardi anarkista italiarra zen, Napoleseko Foggia herrian jaioa 1871ko ekainaren 5ean. Bera izan zen Canovas del Castillo espainiar monarkiako presidentea hil zuena. Canovas bigarren guda karlistan gobernuaren buru zen, eta 1876garren urtean Nafar Foruak desegin zituen politikaria. Baina zergatik exekutatu zuen Angiolillok Canovas? 1897ko maiatzean, Bartzelonako Montjuiten torturatuak eta erahilak izan ziren anarkistak mendekatu nahi izan zituen Angiolillok Canovasen hilketarekin. Baita ere Espainia Kubaren independentziaren aurka egiten ari zenagatik.
Canovasek Arrasateko Santa Ageda bainu-etxean egonaldiak igarotzeko ohitura zeukan. Abuztuaren 8a domeka (igandea) zen eta, meza entzun ondoren, Canovas lorategiko arkupetara jeitsi zen. Egunkaria irakurtzen ari zela, Angiolillo hurbildu zitzaion eta Canovas hiru tiroz hil zuen. Gerora, Angiolillok zera esan zion Canovasen emazteari: "Zu emakume zintzoa zara eta nik zure gizonari bakarrik egin nahi izan diot min, horixe baitzen nere patua. Horregatik kontuz ibilinaiz bera bakarrik zegoenean hiltzeko".
1897ko abuztuaren 15ean Angiolilloren kontrako gerra kontseilua osatu zen Bergaran, eta fiskalaren eskaerari jarraituz, heriotza zigorraren sententzia hiru egun beranduagoberretsi zen Madrilen. Abuztuaren 20an, goizeko 11etan, Angiolillo garrotez exekutatu zuten kartzelako patioan, gaur egun gaztetxeko patioa. Michele Angiolillo, hil baino lehen, "GERMINAL" hitza esan zuen ozenki, berak defendatzen zituen anarkismoaren ideiak ernetzen hasteko esperantzaz. Bere azken orduak ziega baten pasa zituen,egun Angiolillo liburutegia dagoen ziega berdinean. Horregatik Angiolillo da Bergarako gaztetxeko liburutegiaren izena.
ASKATASUNA ETA OSASUNA!