Zenbait herritarren ahotik entzun da "ohi baino jende gehiago" gerturatu dela aurten Leintz Gatzagara San Milixan egunaz gozatzera. Ohi bezala, azokak ez du hutsik egin, eta bertaratutakoek askotariko artisau produktuak izan dituzte erosgai goiz eguerdi partean. Guztira, 18 postu jarri dituzte pilotaleku barruan eta kanpoaldean, eta azokan jarri dituzten askotariko produktuek jakin-min handia piztu die bertaratutakoei.
Sorginak Emakume Elkartearen eskutik iritsi da eguneko ekitaldi nagusia, eta baserritar jantzitako hogeita hamar herritar inguruk euskal erromeria egin dute herriko plazan. Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eskoriatzarrak arduratu dira musika jartzeaz, eta eguna borobildu eta Herriko Plaza musikaz eta dantzaz bete dute herritarrek. Baserritar jantzitakoez gain, kanpotik etorritakoren bat baino gehiago animatu da herritarrekin dantza egitera.
Arrasatetik Gatzagara korrikan
Aurten ere San Milixan egunean kirolak izan du bere tartea, eta 18 lagun atera dira Arrasateko Errementari Plazatik Leintz Gatzagara Zordanbidez Gatzagara herri korrikaldiaren bueltan. 14,5 kilometroko ibilbidea egin dute parte-hartzaileek, eta eguerdian Gorosarri landetxean geldialdia egin ondoren jaiarekin bat egin dute Leintz Gatzagan.
