Duela hilabete gutxi ireki du Dorletako Ama txirrindularitza taldeak museoa, eta bertan izan da GOIENA, egitasmoa barrutik ezagutzen. Dorletako Ama txirrindularitza taldeko kide Joxerra Agirreurretak azaldu duenez, orain arte maillot biltoki bat izan da, baina, itxura txukunagoa eman eta museo gisara antolatu dute: "Berez mailloten biltoki bat zen hau, armairu zahar bat, txirrindulariek Ama Birjinari maillotak eskaintzera etorritakoan batuak. Pentsatu genuen ez zela erakusteko modua, bisita etortzen zenean aldarean sakabanatuta jartzen genituen, lurrean. Proiektu bat egin genuen zerbait txukuna egiteko, baina ez ziguten baimena eman. Hala ere, modu sinple baina txukun baten jarri dugu".
Mundu guztiari irekita
Museoa mundu guztiari irekita dago, baina ez du ordutegi zehatzik. Museoa bisitatu nahi duenak Leintz Gatzagako Udalari taldeko kideen zenbakia eskatu eta beraiekin harremanetan jarri beharko da. Hala ere, normalean txirrindularitza munduarekin harremana duten pertsonak joaten direla nabarmendu du Agirreurretak: "Txirrindularitza munduarekin harremana duen jendea izaten da. Beste batzuek, normalean, ermita bisitatzeko interes handiagoa izaten dute".
Debagoiendarrek badute lekua
Txirrindulari debagoiendarrek ere badute bere presentzia museoan, tartean, Markel Irizar eta Xabier Lazpiur. "Taldeak urtero antolatzen du zaletuen lasterketa bat. Hori ezin dugu ahaztu. Hemen txirrindularitzarako zaletasun handia dago eta txirrindulari asko ateratzen dira, baina, hemen harrobi bat dagoelako da hori. Orduan, gizon horiek gure bailaratik irten direla ikusten da, baina, horiek irten dira Aloña Mendi edo Lokatza bezalako txirrindularitza taldeek lan egin dutelako, haur zein gazteekin. Guk ere hori hemen egotea nahi dugu".