Gaur, martitzena, aurkeztu dute 2026ko Gatz Eguna, Gatzaren Museoan egindako prentsaurreko baten bidez. Maiatzaren 10ean ospatuko dute aurten gatzaren kultura balioan jartzeko asmoz sortutako ekimena, eta ohi bezala, Leintz Gatzagako Udalaren, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Debagaraia Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren laguntzarekin antolatu dute eguna.
Gatzaren kultura omentzeko egitasmoa
Aurkezpenean, Gatzaren kulturan jarri du fokua Leintz Gatzagako teknikari eta Gatz Museoko arduradunak, eta gogoratu du Leintz Gatzaga izan dela Gipuzkoa osoan gatza ekoiztu duen herri bakarra, eta 2013tik ekoizpen hori berriro martxan dagoela. Herriak gatzarekin izandako harreman horrek ondare bat utzi duela ere nabarmendu du, Leintz Gatzagan dagoen guztia harreman hau gabe ulert ezin daitekeela azpimarratuz. Horregatik, Gatz Egunarekin gatzaren kultura hau sustatu nahi dute: "Zentzu horretan dator Gatz Eguna. Aurten hamargarren aldiz egingo dugu, eta gatzaren kultura guzti horri egun batez omenaldi bat egiteko aukera da".
Hamargarren urteurrena
Hamargarrenez antolatuko dute aurten gatzaren eguna, eta Leintz Gatzagako alkate eta Debagoieneko Mankomunitateko Lehendakari Dorleta Elkorobarrutiak azaldu duenez, herrian ondo errotutako egitasmoa da Gatz Eguna: "Hamargarren urteurrena izanda nahiko errotuta dago, jendeak ezagutzen du. Egin behar duguna mantendu eta jendeak ekartzen dituen ekarpen horiek sartu". Hamar urte hauetan garapen handia izan duen ekimena dela nabarmendu du: "Poliki-poliki joan den egitasmoa da. Hasieran gauzak hasten direnean hori zer den galdetzen zara. Joan egiten zara, lagun bati esan, azokak merezi duela ikusten duzu, eguna polita da, borobildu egiten duzu,... Urtez urte eta urratsez urrats joan gara eguna lantzen eta dagoeneko bere forma hartu du".
Jasangarritasuna helburu
Jasangarritasunean azpimarra berezia jarri du Elkorobarrutiak aurkezpenean zehar: "Horrelako landa eremuetatik ez baldin badugu hori sustatzen, eta kasik exigitzen, ez litzateke landa eremuko jai apropos bat izango. Nik uste turismo, mugikortasun zein ekartzen ditugun produktuen aldetik hori bermatu behar dugula. Gatzagak turismoa bai, baina turismo jasangarria behar du".
Bat etorri da Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Foru Diputatu Azahara Dominguez, eta hilaren 10ean Leintz Gatzagara hurbiltzeko gonbitaluzatzeaz gain, hau modu jasangarrian egiteko Lurraldebuseko zerbitzu bereziak egongo direla iragarri du: Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu jardunaldia ahalik eta modu jasangarrienean gauzatu dadin eta pertsona guztiok modu eroso eta seguruan hurbildu ahal izateko".
Horrelako ekimen jasangarriak baloian jarri nahi izan ditu Dominguezek: "Gipuzkoa sustatzea ez ezik, gure lurraldearen barrualdea ezagutzen ez dutenen jakin-mina piztea ahalbidetzen digute", modu horretan "udako hilabeteetatik kanpo bisitari kopurua handitzen" lagunduz. Bide horretan, azaldu du Debagoienak 2025a 2024an baino % 30 bisitari gehiagorekin itxi zuela, eta hazkunde hori bereziki turismo gutxi izaten den hilabeteetan gertatu zela nabarmenduz.
Jardueretako erreserbak
Gatz Eguneko jardueretarako erreserba egiteko infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatzi beharko da, edo 943 79 64 63 telefono zenbakira deitu.
Egitaraua
- 10:00-14:00 Gatzaren eta bertako produktuen azoka, herriko plazan.
- 10:00 Mendi irteera: PR-Gi-37 Hiruerreketa. Ezagutu non jaiotzen den Deba Ibaia (Edukiera mugatua).
- 10:00 Baso bainua: lasaitasunera eta ongizatera eramango zaituen bidaia sentsoriala (Edukiera mugatua).
- 11:00 Gatzagako gatzarekin gatz xaboiak egiteko tailerra frontoian (Edukiera mugatua).
- 11:00 Aretxabaletako tomate landare banaketa plazan.
- 11:00 Egurrezko joku tradizionalak, frontoian.
- 11:00 Gatz Museora bisita gidatua euskaraz (Edukiera mugatua).
- 12:00 Gatz Museora bisita gidatua gazteleraz (Edukiera mugatua).
- 12:00 Showcookinga Anne Otegirekin.
- 12:30 (H)istorioak ikuskizuna.
- 13:00 Leintz Gatzaga Herria ezagutzeko bisita gidatua euskaraz.
- 13:30 Leintz Gatzaga Herria ezagutzeko bisita gidatua gazteleraz.
- 14:00 Bazkari herrikoia (Aurrez izena eman beharko da).
- 15:30 Erromintxelak taldearen kontzertua.