Simulazioan, baso-suteei aurre egiteko dinamika jarri zuten martxan. Behar diren erremintak eta baliabideak aztertu, lan-taldeak antolatu eta aktibatu eta baso-suteak itzaltzeko unitateak dituen baliabideak erabili zituzten. Hala nola, ur-aska bat duen kamioia eta helikopteroa. Oraingoan, ez zuten kontrolatutako surik erabili, eta sute baten aurrean egin beharko litzatekeen defentsa lerro bat eraiki zuten eskuko erremintekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Basogintza Zerbitzuburua da Ismael Mondragon bergararra, eta duela gutxi martxan jarri dituzten dinamika hauek, suteen arrisku maila baxua izan arren, oso garrantzitsua direla azpimarratu zuen.
Debagoienean, eta Gipuzkoan, orokorrean, baso eta mendietako suteen arrisku mailarik altuena neguan ematen da. Izan ere, udan landaretza berdeago mantentzen da eta euriak lagundu egiten du, baina neguan, bertako landaretza sikatu egiten da. Hala ere, udaberrian eta udan ere eman daitezke eta horregatik praktiken eta simulazioen beharra azpimarratu du Ismael Mondragonek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Basogintza sailetik ere nabarmendu dute, ezinbestekoak direla baso-suteak ekiditeko prebentzio neurriak hartzea. Hala nola, landa guneetan sua erabili nahi izan ezkero, baimena eskatu behar zaio basozainari. Gainera, pistak garbi mantentzea, kimaketak egitea, sasi-garbiketak egitea oso garrantzitsua dela adierazi dute, eta horretarako, diru-laguntzak eskatu daitezkeela ere.