Aitor Ajuria eta Malen Osa izan dira azkarrenak Gatza Trail lasterketaren lehenengo edizioan

Julen Murua Mesonero 2026ko martxoaren 21a

Ajuria eta Osa, Gatza Trail lasterketako helmugan.

Gizonezkoetan, gatzagarra izan da nagusi etxean jokatu duen lasterketan, eta 1:20:30 besterik ez du behar izan helmugara iristeko; emakumezkoetan, berriz, Malen Osak 1:31:10 denbora eginda irabazi du txapela. Lasterketa hasi aurretik omenaldia egin diote Iñaki Bengoa korrikalari gatzagarrari.

Leintz Gatzagako plaza jendez bete da Gatza Trail mendi lasterketaren lehenengo edizioan. 200 parte hartzailetik gora izan ditu lasterketak, eta Ajuria eta Osa izan dira azkarrenak. Eguraldia paregabea izan da ikusleentzat, eta asko izan dira inguruko herrietatik Gatzaga inguruko mendietara joan direnak.

Lasterketa hasi eta berehala, erritmo bizia ezartzea erabaki du Aitor Ajuriak, eta hasiera-hasieratik ireki du haren atzetik zihoazenekiko tartea. Aimar Larrea antzuolarra –sailkapeneko bigarrena–, Ander Jauregi eta Markel Urigoitia saiatu dira gatzagarraren jarraitzen, baina azkar jakin dute euren lasterketak beste bide bat hartu behar zuela. Ajuriak zera adierazi du lasterketaren ostean: "Nahi nuen lasterketa honetan egotea, eta berezia izan da lehenengo helmugaratzea. Hasieratik irten naiz nire erritmoan, eta gero jokatu behar izan dut lehenengo kilometroetan lortutako tartearekin. Oso pozik nago lortutako garaipenarekin".

Emakumezkoetan, sekretu gutxi. Hilabete gutxi barru jokatuko den Zegama-Aizkorri lasterketarako prestatzen ari den Malen Osak, mendiko eskiaren diziplina alde batera utzi eta mendiko lasterketetan jarri du fokua. "Gaur izan da mendian korrika ondo estutu dudan lehen eguna, eta oraindik arrotza egiten zait. Uste dut hasiera puntu ona izan dela prestakuntzarako, eta burua Zegaman dut dagoeneko", adierazi du. Garazi Abasolo aretxabaletarra izan da emakumezkoetan bigarrena, eta Ane Gorosabel arrasatearra izan da helmugaratzen hirugarrena. Biek ala biek, "oso gustura" bukatu dute lasterketa.

Sailkapenak eta denborak:

Gizonezkoak

  1. Aitor Ajuria Elkorobarrutia (1:20:30)
  2. Aimar Larrea Aranguren (1:22:50)
  3. Markel Urigoitia Zamacona (1:23:11)

Emakumezkoak

  1. Malen Osa Ansa (1:31:10)
  2. Garazi Abasolo Mujika (1:49:01)
  3. Ane Gorosabel Espinosa (1:51:14)

Antolatzaileak "pozik"

"Lehenengo edizioa baino, hamabosgarren edizioa" zirudiela adierazi du batek baino gehiago lasterketa ostean, antolakuntzakoek egindako lana balioan jarriz. Antolakuntzako kide Beñat Agirreurretak adierazi du herriak "oso ondo" erantzun duela eta "oso balorazio positiboa" egiten dutela. "Gu korrikalariak gara, baina herriagatik ere egin dugu. Ikusten genuen Gatzaga toki ona izan zitekeela halako lasterketa bat egiteko, nahiz eta badituen muga batzuk. Ibilbide polit bat sortu dugu, mota guztietako korrikalarientzat egokitutakoa, eta gustura gaude egindako lanarekin", gehitu du.

Erlazionatuak

Gatza Trail: Irteera eta helmuga

Eneko Azurmendi Barrena mar 21, 16:10 Leintz Gatzaga

Gatza Trail: bosgarren kilometroa

Eneko Azurmendi Barrena mar 21, 16:15 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak