Gaur arratsaldean egin dute lasterketaren aurkezpena udaletxean. Bertan izan dira antolakuntzako kide Asier Urizar eta herriko alkate Dorleta Elkorobarrutia. Halako lasterketa bat antolatzeak "lan handia" eskatzen du, eta "herriko eragileen eta herritarren laguntzarik gabe ezinezkoa" izango litzatekeela onartzen du Urizarrek.
"Gogotsu gaude. Lasterketa ondoren herria 140 lagun elkartuko gara herri bazkarian, eta kontzertu akustikoek girotuko dute bazkalostea", gehitu du. Ibilbidea osatzeko, antolakuntzako kideek garbi zuten "herriari bira bat ematea" nahi zutela; "ahal izanez gero, 360 graduko ibilbide bat osatzea, jendeak ikusteko Leintz Gatzaga", adierazi du.
Emakumezkoen presentzia
Lasterketaren lehenengo edizioa izanik, 250 dortsaletara mugatu zuten antolatzaileek parte hartzaileen kopurua, baina guztira 390 pertsonek eman dute izena. Bada, bost ordutan agortu ziren dortsal guztiak. Gainera, 250 korrikalarien %22a osatzen dute emakumezkoek: 53. "Parte hartzaileen kopuruarekin pozik gaude, baina gure erronketako bat zen emakumezkoak bultzatzea lasterketan parte hartzera. Uste dut lortu dugula", esan du.
250 korrikalarien artean, hainbat egongo dira podiumera igotzeko borrokan murgilduta. Urizarrek honako hauek nabarmendu ditu: emakumezkoetan Malen Osa, Garazi Abasolo eta Ainara Uribarri; gizonezkoetan, berriz, Markel Urigoitia, Urko Herran, Ander Jauregi, Andoni Azkarate eta Aimar Larrea.
Autobus zerbitzua
09:30ean itxiko dute Leintz Gatzagako sarbidea, eta ez da egongo autoz herrira sartzeko aukerarik 14:30ak bitartean. "Orduro egongo da autobus zerbitzua Eskoriatzatik eta Marisatik, eta oinez ere etorri daiteke. Deialdi hau egin nahi dugu jendea autoz etorri ez dadin", adierazi du Elkorobarrutiak. Autoz joatekotan, auto partekatuan igo daitezela nabarmendu dute. Horrez gain, aipatu dute lasterketa paraje natural batean dela, eta, horregatik, mundu guztiari eskatzen diotela ez zikintzeko, ez lasterkariek, ez zaleek.