Leintz Gatzagako Hautesle Elkarteko kideek aurkeztutako proposamenaren barruan, inbertsio nagusiak zeintzuk izango diren ere azaldu dute. Besteak beste, Gatz Museoan 10.000 euroko inbertsioa egingo dute, udal artxiboa antolatzen jarraitzeko beste 10.000 euro bideratuko dituzte, aparkaleku berri bat eta harresiaren berritzea lantzeko 20.000 euro erabiliko dituzte eta Dorletarako errepidearen bazterrak hobetzeko, berriz, 50.000 euro bideratuko dituzte. Inbertsio horiek eta beste jarduketa batzuek osatzen dute guztira 149.000 euroko inbertsio-partida.
"Jarraitu egingo dugu egiten ari garenekin. Horrekin batera, Gatz Museoan egiten hasi ginen lanekin, txukuntzearekin…, eta, hasita dugun aterpetxea aurrera eramateko lanean jarriko gara; ea, aurten eta datorren urtean ematen diogun bultzada. Horrekin batera, herrigunean zenbait lan ditugu egiteko: harresiak, arkuak, espaloiak… lehentasunak markatu beharko ditugu, dirulaguntzak kontuan hartuta. Horrekin batera, irisgarritasun lanak ere izango ditugu. horren baitan, hamar edo hamabi aparkaleku berri sortzea ere bada asmoa, Gatz Museora bidean", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak.
Gastu arruntak mantendu
Gastu arruntei dagokienez, ohiko gastuak mantendu egingo dira: langileen gastuak, zerbitzuen erosketa –argindarra, gasa, ura…–, dirulaguntzak, Mankomunitateari egindako ekarpenak… Sailen araberako banaketan, berriz, kulturak 30.000 euroko aurrekontua izango du, jaiak, dirulaguntzak eta kultur jarduerak finantzatzeko. Museoak 35.000 euro jasoko ditu, gastu arruntak eta inbertsioak barne. Gizarte Zerbitzuetara 33.000 euro bideratuko dira, eta beste sail batzuetan ere, Adibidez Hirigintzan, aurrekontu-partidak aurreikusi dira Udalaren eguneroko jarduna bermatzeko.