Gaur egun, 15 eta 20 lagun artean dira kirol instalazio berrien erabiltzaile, eta, Udalaren aurreikuspenen arabera, kopuru horrek gora egitea espero da datozen asteetan. Udalak ontzat jo du proiektuak jaso duen harrera, eta azpimarratu du gimnasio berriak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko baliabide garrantzitsua izango dela.
Osasuna erdigunean
Makineria guztia instalatuta eta izena eman dutenek erabiltzeko aukera dutenez, gune berrira egokitzen ari dira pixkanaka. Aldaketaren bat egin behar bada, ez da arazorik izango; momentuz, proiektore bat jartzea besterik ez da falta. Gimnasioak bi espazio ditu: batean makineria dago –tartean, komuna– eta bestean, pisuak eta fitness ariketak egiteko zona. Azken espazio horretan proiektore bat jarriko dute, online bidezko saioak egiteko.

Horrez gain, gimnasioko makineria ezagutzeko eta herritarrak aktibatzeko, Athlon enpresarekin zerbitzu bat kontratatu dute. Lehenengo bilera egubakoitz honetan egingo dute, 18:00etan. Bertan, gimnasioaz gain, herria eta herriko taldeak ezagutuko dituzte, baita Gatzagak dituen baliabideak ere – frontoia, adibidez–, osasuna hobetzeko kirolaren baitan zer egin nahi den zehazteko, banaka zein taldean. Ondoren, astean lau orduz etorriko dira Athloneko espezialistak, herritarren beharrak ezagutzeko. Horrekin batera, jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak ere antolatuko dituzte.
Eskerrak Eskoriatzako Udalari
Makineria guztia jarrita dagoen honetan, ezagutza handiagoa duten erabiltzaileei eskatu diete beharren bat faltan sumatuz gero jakinarazteko. "Iradokizun batzuk jaso ditugu, baina xumeak izan dira, eta balorazioa, oro har, positiboa izan da. Fase hori gaindituta, Eskoriatzako Udalari eskerrak eman behar dizkiogu emandako laguntzagatik", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak.
Izen-ematea eta ordutegia
Udaletxean eman beharko da izena, eta, alta emateko, poltsikoko telefonoa ezinbestekoa izango da. Izan ere, aplikazio baten bidez irekiko dute atea gimnasio berriko erabiltzaileek. Hain zuzen ere, ordutegia 07:00etatik 22:00etara izango da. Urteko kuota ordaindu beharko da, eta prezioa "sinbolikoa" izango da. Erroldatutakoek 100 euro ordainduko dituzte urtean eta ikasleek zein langabeek, berriz, 60 euro.