Gimnasio berria egiteko bi fasetan gauzatu dituzte lanak, eta guztira, 90.000 euro inguruko aurrekontua izan dute jaso dituzten dirulaguntzak barne. Hala, bigarren fasea amaitzear daudela, makinekin ekipatzea, eremua atontzea eta ateak irekitzea, soilik, geratzen zaiela adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak.
Hiru gune, bi gimnasioarentzat
Guztira, hiru ezpazio izango ditu erabilera anitzeko espazioaren azpiko guneak. Gimnasioari dagokionak bi eremu izango dira; ate batekin komunikatuta egongo dira, eta, komuna ere izango da bi eremutako erabiltzaileentzat. Hirugarren espazioan, berriz, gazte lokalaegingo dute euren ate eta komun propioa izango dutela. Lanak duela urtebete hasita, aurreikusi baino luzeago doazela ere azpimarratu du Elkorobarrutiak. "Asmoa otsailerako amaitzea genuen, baina, gauza bat eta bestea luzatu egin dira lanak. Espazio handienean makinak joango dira, bigarren eremu batean, fitness gela egingo dugu, pantaila batekin ariketak online egiteko, komunak joango dira bi eremuen artean, eta, gero gazteen lokala ere izango dugu".
Makinak emandakoak
Bizilagun ditugun udalerri baten partetik jasoko dituzte gimnasioa hornbitzeko zenbait makina eta pozteko albistea dela azpimarratu du Elkorobarrutiak. "Eskertzeko da, makina horien prezioa handia delako. Eskoriatzako Udalak zenbait makina aldatzeko beharra du, eta, batzuk utziko dizkigute, beraz, oso pozik gaude".
Uztailerako lanak amaituta izatea aurreikusten dute, eta inaugurazio-ekitaldia, berriz, egingo dutela ere adierazi du Leintz Gatzagako alkateak. Gaineratu duenez, irailean martxan jarri nahi dute gimnasioaren erabilera, eta, aurrera begira, kanpoko gunea atondu eta gimnasioaren parte izan daitekeen eremu berri bat ere sortzeko asmoa badutela azladu du.