Gorka Etxaniz azkoitiarra onena Leintz Gatzagako bolatokian

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 31a, 22:00

54. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola-joko Txapelketako azken saioa izan da gaur arratsaldean egin dutena, eta ondorioz, lurraldeko irabazleak ere erabaki dira. Markinakoa den arren Elgetako taldean jokatzen duen Jon Aransolok eroan du txapela bakarkako mailan, eta UDA taldeko Isana Gorosabel aretxabaletarrak emakumezkoetan.

70 parte-hartzaile inguru ibili dira gaur ea nork txirlo gehiago bota Leintz Gatzagako bolatokian jokoan egon den 54. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola-joko txapelketako azken jaurtialdian. Hala, gaur erabaki da baita ere lurraldeko txapelketako maila ezberdinetako irabazleak ere zeintzuk izan diren eta debagoiendarrek presentzia nabarmena lortu dute horien artea.

Gaurko saioari dagokionez, Floreaga taldeko Gorka Etxaniz azkoitiarra izan da lan onena egin duena, eta berak eroan du Leintz Gatzagako sari nagusia. “Ez nuen espero irabaztea, baina ondo joan da, gustura geratu naiz. Trukoa hartu behar zaio Leintz Gatzagako bolatokiari, baina uste baino hobeto ibili naiz. Egin dugu egin beharrekoa”, esan du azkoitiarrak.

Elgetako taldekoek ere lan ona egin dute eta hiru sailkatu dira gaur saria jaso duten seien artean: Jose Angel Fernandez bigarrena izan da; Sebas Arantzabal, bosgarrena; eta Jon Aransolo seigarrena. San Migel taldeko Angel Ibarluzea hirugarrena izan da eta gaurkoa antolatzeaz arduratu den UDA taldeko Jesus Mari Gorosabel, laugarrena.

Debagoiendarrek hainbat sari Gipuzkoakoan

Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, Jon Aransolo da aurtengo txapelduna maila indibidualean. Markinarra den arren Elgetako taldean diharduen bola-jaurtitzailea pozik agertu da denboraldiko irabazlea bera dela jakinda: "Denboraldia ondo joan da, baina azken bolatokira arte presioa izan dugu, oso gertu neuzkalako ondorengoak. Inoiz inon txapelik irabazi gabe nengoen, eta oso pozik nago maila altuena duen txapelketan, Gipuzkoakoan irabazi izanagatik".

Emakumezkoen mailan, UDAko Isana Gorosabel aretxabaletarra da denboraldi honetako onena. "Bigarren aldia da, eta beti alaitzen du irabazteak", adierazi du gaurko saioa amitutakoan.

Bikoteen kategorian, Sebas Aranzabal elgetarra eta Bergarako San Joxepe taldeko Asier Azkaratek osatutakoak lortu du Gipuzkoako onena izatea. Taldeka, Elgeta bigarren geratu da eta UDA, hirugarren.

Gaurko probarekin denboraldiko irabazleak zeintzuk diren argi geratu den arren, sariak datorren hastean jasoko dituzte, Lehendakari Sariaren ostean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak