Artazuriketaren inguruko ezagutzak partekatuz

Sara Lanz 2025ko ots. 18a, 15:19

Gurel Guraso Elkarteak eta Jubilatu Elkarteak antolatuta, Toki Eder elkarteako su ondoan elkartu ziren herriko gazte zein helduak, artoaren inguruko ezagutza transmititzeko helburuarekin. Kontu-kontari aritzeaz gain, artazuriketa lanetan ere jardun zuten.

Kontu-kontari aritu ziren herriko gazteenak eta adinekoak Leintz Gatzagan, artoa ardatz hartuta. Artoaren historia izan zuten helduleku, Euskal Herrira nola iritsi zen azaldu zuten, nolakoa izaten zen uzta eta zertarako erabiltzen zen. Hizlarietako bat izan zen, Periko Orobengoak, ekintza egiteko ideia nondik sortu zen azaldu zuen: "Gabonetan Eskoriatzan egin zen ipuin kontaketa izan zen ideiaren oinarria. Bertako guraso elkarteak jubilatuei ea ipuin batzuk kontatzeko prest egongo ginen galdetu zigun. Horren inguruan pentsatzen geundela, artazuriketako kontuen inguruan hitz egitea okurritu zitzaigun. Horrela izan zen, pentsatu eta egin".

Esan eta egin, hala egin zuten Leintz Gatzagan. Su ondoan bildu ziren herritar helduenetik gaztenera, eta kasu honetan, helduenek artoaren inguruko ezagutzak helarazi zizkieten gazteenei. Berbaldirako materiala eraman zuten, eta teoriaz gain, praktikaldia ere izan zuten bertaraturako gaztetxoek.

Horrekin batera, irina lantzen saiatu ziren, eta morokila ere egin zuten, esnearekin hartzeko; taloak eta txistorra dastatu zituzten. Eta, noski, krispeta eskukada bat jateko aukera izan zuten. 

Orobengoak ekintzaren balorazio positiboa egin du, gazte zein helduak arratsalde polita pasa zutela azalduz: "Arratsalde polita izan da, denbora pasatzeko ezin hobea".

Aspaldiko ohiturak transmititzea

Antolatzaileen esanetan, aspaldiko ohiturak herriko gaztetxoei transmititzea izen zen atzoko helburu nagusia, eta, bide batez, artoak ganaduarengan eta pertsonengan izan duen elikadura garrantziaz jabetzea. Era horretan, Gurel Guraso Elkarteko gurasoek helburutzat dute aspaldiko ohiturak herriko gazteenei transmititzea. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak